Itxi

Bilera-sorta

LABekin eta CCOOrekin bilduko da lehendakaria gaur, eragile sozialekin egiten ari den bilerekin jarraitzeko

EITB Media

Leer en Castellano

CCOOk agenda sozialari lehentasuna emateko eta lan-gatazkak "kriminalizatzea" saihesteko eskatuko dio Imanol Pradalesi, eta LABek zerbitzu publikoen duintasunean eta soldata-hobekuntzan jarriko du azpimarra.

Imanol Pradales Ajuria Enean. EFE.

Imanol Pradales lehendakariak eragile sozialekin hasitako bilera-sortarekin jarraituko du astelehen honetan eta LAB eta CCOO sindikatuekin bilduko da goiz partean. 

LABen txanda izango da aurrena, 10:00etatik aurrera, eta bertan izango dira Garbiñe Aranburu sindikatuko koordinatzaile nagusia eta Xabier Ugartemendia sindikatuko Zerbitzu Publikoetako arduraduna.

Zerbitzu publikoak duinago egiteko eta soldatak hobetzeko "premia" helaraziko diote Pradalesi, sindikatuak aurreratu duenez, eta, zehazki, 1600 euroko gutxieneko soldata ezartzeko proposamena egingo du LABek.

Bilera horren ostean, Pradales Loli Garcia buru duen CCOO sindikatuarekin bilduko da 12:00etatik aurrera. Sindikatuak dagoeneko aurreratu duenez, lan-gatazkaren "narratiba kriminalizatzailea" saihesteko eta agenda soziala lehenesteko galdegingo dio lehendakariari.

Bertan izango dira sindikatuko idazkari nagusia eta Iñigo Garduño, arlo publikoko koordinatzaile eta Osasun Federazioko idazkari nagusia, eta hitzarmen autonomikoak defendatzeaz gain, eredu produktibo berri bat ezartzeko, sisteman hobekuntzak negoziatzeko Osakidetzako mahai sektoriala berreskuratzeko, etxebizitzaren arazoaren aurrean premiazko neurriak hartzeko eta fiskalitate berri bat diseinatzeko beharra azpimarratuko dute.

Pradales joan den ostiralean hasi zen EAEn ordezkaritza handiena duten sindikatuekin batzartzen. Alderdi politikoekin eta osasun arloko sindikatuekin eta elkargo profesionalekin hitz egin ondoren, ELA izan zen sindikatu nagusien artean Ajuria Enera deitutako aurrena, Euskadin gehiengoa duen sindikatua. 

Hamaika urteren ostean bildu zen atzera ELA Eusko Jaurlaritzako lehendakari batekin; izan ere, azken bilera 2013an izan zen Iñigo Urkullurekin.

UGT Euskadirekin biltzeko data ez dute oraindik zehaztu eta Pradalesen eta Confebasken arteko bilera uztailaren 24rako dago aurreikusita.