Lehendakariarekin bilera
LABek eta CCOOk osasunaren inguruko itunean parte hartuko dute, "pribatizazioei" amaiera emateko
Agentziak | EITB Media
Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak lehendakariari ohartarazi diotenez, "ezin da Osakidetzan itun bati buruz hitz egin langileen gehiengoaren adostasunik gabe". Bestalde, Loli Garcia Euskadiko CCOOko buruak iragarri du "epe labur, ertain eta luzeko konponbideak" eskatuko dituztela.
Imanol Pradales lehendakariak LAB eta CCOO sindikatuetako ordezkariak hartu ditu gaur Ajuria Enean, eragile sozialekin abiatutako bilera sortaren baitan. Garbiñe Aranburu sindikatu abertzaleko burua zein Loli Garcia CCOOko idazkari nagusia prest azaldu dira lehendakariak proposatutako osasunaren inguruko herri-itunaren negoziazioetan parte hartzeko, uste baitute "pribatizazioen" ereduari amaiera eman behar zaiola.
LABeko ordezkaritza izan da lehendakariarekin biltzen lehena. Batzarraren ondotik, Garbiñe Aranburuk bere "prestutasuna" agertu du irailetik aurrera osatuko den mahaian parte hartzeko, baina ohartarazpena egin dio lehendakariari. "Ezin da Osakidetzan itun bati buruz hitz egin langileen gehiengoaren adostasunik gabe", adierazi du. Aranbururen ustez, Osakidetzan "aldaketa erradikal" bat egin behar da inbertsio gehiagorekin, eta "pribatizazio eta kontzertazio politikari" amaiera emanda. "Ulergaitza da pribatizazio berriekin jarraitu nahi izatea" eta "osasun sistema publiko sendo bat aldarrikatzea", gaineratu du.
Osasunarekin batera, etxebizitza, zaintza sistema eta estatus politiko berria hartu ditu LABk lehentasunezko gai gisa, eta horietan denetan "politikak aldatzeko" eskatu diote lehendakariari. Horrez gain, langileen aldeko politikak bultzatzeko galdegin diote Pradalesi: "1.600 euroko gutxieneko soldata bultzatzeko eskatu diogu, eta etxeko langileen negoziazio kolektiborako eskubidea onartzea".
Azkenik, greben eta mobilizazioen auzia ahotan hartu duten galdetuta, Aranburuk azaldu du bere sindikatuak beti defendatu duela mobilizazioak ez direla helburu, bitarteko baizik. "Negoziaziorako eta elkarrizketarako tarterik ez dagoenean deitzen dugu guk mobilizazioa. Hori ez da aldatuko. Horrek ez du kentzen gu negoziazioetan ez egotea", azaldu du.
LABen ondotik, Euskadiko CCOOko ordezkariak hartu ditu lehendakariak. Loli Garcia Euskadiko CCOOren idazkari nagusiak agerraldia eskaini du bilera amaituta. Sindikatu abertzaleak bezala, CCOO prest agertu da osasunaren inguruko akordioan parte hartzeko, "herritarren arazo handienetako bat da eta epe laburreko, ertaineko eta luzeko konponbideak behar ditu". Garciaren iritzian, Osakidetzaren pertsonal politikan ez ezik, planifikazio estrategikoan eta kudeaketan ere aldaketak behar dira. Pradalesi ohartarazi diotenez, "CCOOk ez du pribatizazioen bidea jarraituko. Oso kritiko gara horrekin, eta eredu horren kontra gaude".
Halaber, arlo publikoan "benetako negoziazio kolektibo bat" eta zerbitzu publikoak "garatzeko eta zabaltzeko" eredu bat galdegin dizkio lehendakari. Azaldu duenez, "gure langile publikoek benetako negoziazio kolektibo bat izatea behar dugu, euren lan baldintzak hobetu ditzaten". Horren harira, lehendakariari adierazi dio "langileen borroka ezin dela kriminalizatu".
Azkenik, hizkuntza politika hizpide, CCOOk uste du beharrezko dela "duela hamarkada batzuk euskararen inguruan izan ziren adostasunak berreskuratzea". Horren iritzian, "herritarren eskubide soziolinguistikoak bermatu behar dira, baina gogoan hartuta herritarrek bi hizkuntza ofizialetan arreta jasotzeko eskubidea duela". Nabarmendu duenez, "zubiak eraiki eta harresiak ez sortzearen alde gaude. Hizkuntza eskakizunen eredua malgutu behar da".