Itxi

Giza eskubideak

Mikel Lejarza 'El Lobo'ren eta beste polizia baten aurkako kereila jarri dute Josu Mujikaren heriotzagatik

EITB Media

Leer en Castellano

Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak eta Josu Mujikaren familiak gizateriaren aurkako delituak egotzi dizkiete. Eusko Jaurlaritzak aitortu zuen Mujika giza eskubideen urraketaren biktima izan zela txosten batean.

Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokia eta Josu Mujikaren senideak. Irudia: EITB

Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak (EG Behatokia) eta 1975ean Madrilen hil zen edo erail zuten Josu Mujikaren familiak kereila aurkeztu dute ETAn infiltratu zen Mikel Lejarza El Lobo-ren eta beste polizia baten aurka, gizateriaren aurkako delituak leporatuta.

Josu Mujika ETAko kidea 1975eko uztailaren 30ean hil zen edo erail zuten Madrilgo erdiguneko kale batean, Espainiako inteligentzia zerbitzuek agente infiltratu bat zuten talde bateko kideak atxilotzeko operazio batean. Eusko Jaurlaritzak aitortu zuen Mujika giza eskubideen urraketaren biktima izan zela txosten batean.

Eusko Jaurlaritzako Balorazio Batzordeak adierazi zuenez, bertsio ofizial kontrajarriak (hasieran suizidioa, gero bihotzekoak jo, eta ondoren tiroketa) ezin izan ziren argitu independentea izan ez zen ikerketa batean.

Orain, Bergarako (Gipuzkoa) epaitegi batean aurkeztutako salaketaren arabera, baliteke "gizateriaren aurkako delitu" bat izatea, Memoria Demokratikoaren Legeak "preskribaezin eta amnistiaezintzat" jotzen duena.

Mikel Lejarza 'El Lobo' liburu batzuen aurkezpenean. Irudia: EITB

Ohar batean, GE Behatokiak gogorarazi du aipatutako Balorazio Batzordeak Mujika auziari buruzko txostenean "gutxienez bi egileren parte-hartzea" aintzat hartu zuela: "Mikel Lejarza, infiltratutako agentea, Defentsako Goi Ikasketa Estrategikoen Zentroko kidea" eta beste polizia bat.

GE Behatokiak bere oharrean azpimarratu duenez, kereila hau Mujikaren heriotzaren 49. urteurreneko bezperan aurkeztu da, "tunel luze-luze bat, non familiak inoiz ez dion utzi egia, justizia eta erreparazioa lortzeko borrokari".

"Gure ustez, Eusko Jaurlaritzak aurrera eramandako prozesuak egia instituzionala aitortzen du, eta horrek egia soziala sendotzen du", nabarmendu dute. Hala ere, kolektiboak azaldu duenez, "bada garaia zigor-arloko justiziak bere izena ohoratzeko Estatuko aparatuei egotz dakizkiekeen giza eskubideen urraketa larrien biktimen aurrean".