Katalunia
Sanchezek eta Aragonesek Gobernuaren eta Generalitatearen arteko akordioak 'erdiesteko' konpromisoa hartu dute
EITB MEDIA
Aragonesek Generalitatearen egoitzan hartu du Sanchez, Illa presidente izendatzeko negoziazio betean. Hala, Kataluniako presidenteak Sanchezi eskatu dio azkar ibiltzeko lehenbailehen Kataluniak finantzaketa-eredu "justu eta propioa" izan dezan.
Pere Aragones Generalitateko jarduneko presidenteak Pedro Sanchez hartu du asteazken honetan Bartzelonako Generalitateko Jauregian, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren eskualdaketa ixteko eta hiztordua baliatu dute egoera politiko orokorrari heltzeko. Hala, Kataluniako presidenteak Sanchezi eskatu dio azkar ibiltzeko lehenbailehen Kataluniak finantzaketa-eredu "justu eta propioa" izan dezan, eta bi buruzagiek hitz eman dute ERCren eta PSOEren arteko akordioak "amaitzeko" lan egingo dutela.
Bilera hori ERCk eta PSCk Salvador Illa solialistaren balizko inbestidurarako negoziazioaren azken txanpan egin dute; izan ere, ERCk uztailaren amaiera jarri du epe muga gisa aurreakordioa ixteko, eta 'ultimatuma' eman die sozialistei euren botoak jasotzeko, eta burujabetza fiskalean aurrera egin ezean ez dutela Illaren inbestidura adostuko adierazi dute.
Hala ere, Moncloatik behin eta berriz adierazi dute erakundeen arteko bilera bat dela gaurkoa, eta inbestidurarako negoziazioek beste bide ezberdin bat jarraitzen dutela eta alderdien esku daudela.
Bi administrazioek bilera amaitzean igorri duten oharrean ez dute hitz egindakoa zehaztu, eta bilera "giro adeitsuan eta normaltasun instituzionalean" egin dela soilik nabarmendu dute. Era berean, "bi gobernuen arteko harremanaren errepasoa" egin dute, azken aste honetan sinatutako akordioak aztertu dituzte, baita transferentziak eta egiteke dauden akordioak ere.
Amaitzeko, "Kataluniako herritarren mesedetan" akordio horiek betetzeko lan egingo dutela adierazi dute biek ala biek. Gogoratu behar da bilera hau Sanchezek eta Aragonesek 2021etik egiten duten bosgarren bilera instituzionala dela.