Itxi

SENTENTZIA

18 urteko espetxea ezarri diote Moncloara eta hainbat enbaxadetara bonba-gutunak bidali zituen gizonari

EITB Media

Leer en Castellano

Terrorismo delituagatik 10 urteko kartzela-zigorra, eta helburu terroristarekin armak izatea, fabrikatzea eta erabiltzeagatik, 8koa ezarri dizkio Auzitegi Nazionalak. 2022an atxilotu zuten Pompeyo Gonzalez Miranda de Ebroko (Burgos) bizilagun erretiratua.

Pompeyo Gonzalez, epaiketan. Argazkia: EFE

18 urteko espetxea ezarri diote Pompeyo Gonzalez Burgosko 76 urteko gizonezkoari —hainbat urtez Gasteizko Udaleko funtzionarioa izan zen—, 2022ko azaroan, Moncloara eta hainbat enbaxadetara sei bonba-gutun bidaltzeagatik. Besteak beste, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari, Margarita Robles Defentsa ministroari, eta AEBko eta Ukrainako enbaxadei igorri zituen gutunak. Denak desaktibatzea lortu zuten, Ukrainako enbaxadara bidalitakoa izan ezik; segurtasun langile bat zauritu zen.

Terrorismo delituagatik 10 urteko kartzela-zigorra, eta helburu terroristarekin armak izatea, fabrikatzea eta erabiltzeagatik, 8koa ezarri dizkio Auzitegi Nazionalak. 2022an atxilotu zuten Gonzalez Miranda de Ebroko (Burgos) bizilagun erretiratua.

Ebazpenean, epaileek diote gutunen bidez Espainiako, Estatu Batuetako eta beste herrialde batzuetako gobernuak presionatzea zuela helburu gizonezkoak, "Ukrainara armak bidaltzeari uzteko".

Halaber, epaileen arabera, egiaztatuta geratu da Gonzalezek berak fabrikatu zituela gutunekin batera bidalitako lehergaiak. Egurrezko kutxetan sartuta bidali zituen, posta bidez. Horiek aztertu zituzten ikertzaileek ondorioztatu zuten "maila ezberdineko lesioak" eragiteko adinako indarra zutela lehergaiok.

Epaiketan, akusatuak leporatzen zitzaizkion delituak ukatu bazituen ere, epaileek arrazoitu dute "proba ugari" daudela gutunen eta lehergaien egilea bera dela esateko.