Itxi

TRANFERENTZIAK

Ubarretxena Torres ministroarekin bilduko da gaur, eskumenen eskualdaketan aurrera egiteko

EITB MEDIA

Joan den ostiralean, Sanchezek eta Pradalesek Gernikako Estatutua betetzeko hartutako konpromisoa eta gero iritsi da gaurko hitzordua.

Ubarretxena eta Torres, artxiboko irudietan.

Gernikako Estatututik transferitzeke dauden eskumen guztien (29, guztira) eskualdatzea bultzatzeko, Aldebiko Batzorde Iraunkorra "ahalik eta lasterren" martxan jartzea. Eskari hori eramango du gaur Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digitala eta Autogobernu sailburuak Madrilera, Angel Victor Torres Espainiak Gobernuko Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroarekin duen hitzordura. 16:30ean egingo dute lan-bilera.

Joan den asteko Gobernu Bileraren osteko agerraldian eman zuen bileraren berri Ubarretxenak, eta zehaztu zuenez,  "elkarrizketarako, akordiorako eta lankidetzarako borondate handienarekin" joango dira bilera.

Iragan ostiralean, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta Imanol Pradales lehenadakariak Gernikako Estatutua betetzeko hartutako konpromisoa eta gero iritsiko da biharko hitzordua. Hain zuzen, Aldebiko Batzorde Iraunkorra lehenbailehen aktibatzea da gai-ordenean jasota dagoen lehendabiziko puntua.

Aurreikusitakoaren arabera, Lurralde Politikarako Estatu idazkariarekin ere bilduko da sailburua.

Pasa den otsailean, bi gobernuek migratzaileak hartzeko sistemaren transferentzia, aldiriko trenak eta atzerriko unibertsitate-tituluen homologazioa eskualdatzea adostu zuten.

29 transferentzia eskualdatzeko

Eusko Jaurlaritzak jasotzeko dituen 29 eskumenen artean dago, besteak beste, Gizarte Segurantzaren kudeaketa. 

Halaber, Espainiako Gobernuak dagoeneko zirriborro bat duen transferentziei heldu nahi die Maria Ubarretxenak. Zirriborro hori aurreko Eusko Jaurlaritzak helarazi zuen, eta "erantzuna edo kontraproposamena" espero du orain.

Sei eskumen dira guztira: Itsasertzaren antolamendua eta kudeaketa, immigrazioa (EAEn norbere edo besteren kontura lan egiten duten atzerritarrentzat lan baimena), Itsas Salbamendua, Meteorologia, Lan osasuna eta segurtasuna, eta zinematografia babesteko funtsa. Horrez gain, gainerako transferentzien inguruko kronograma adostea espero du Ubarretxenak.