''Begoña Gomez'' auzia
Voxek kereila aurkeztu du Pedro Sanchezen aurka, Peinado epaileari prebarikazioa leporatzeagatik
EITB MEDIA
Presidenteaz gain, kereila Felix Bolaños ministroaren eta Estatuko abokatu nagusiaren aurkakoa ere bada.
Vox alderdiak kereila aurkeztu du asteazken honetan Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen aurka, baita Felix Bolaños Justizia ministroaren eta Alvaro Garcia Ortiz Estatuko fiskal nagusiaren aurka, prebarikazioagatik Juan Carlos Peinado epailearen kontra kereila aurkeztu ondotik.
Santiago Abascalen alderdiak salatu du Sanchezek "erakundeak prostituitzen" jarraitzen duela eta "bere interes pertsonalerako erabiltzen dituela". Hala, Gobernuko presidenteak Estatuko Abokatutzaren bidez bere emaztearen aurkako auzia ikertzen ari den epailearen aurka jarritako salaketa kritikatu du.
"Voxek ahal duen guztia egiten jarraituko du horri aurre egiteko", ziurtatu du alderdiak sare sozialetan zabaldutako mezu batean. Alderdi horrek herri-akusazio gisa parte hartu du Sanchezen emaztearen aurkako ikerketan, influentzia trafikoa eta ustelkeria egotzita.
Gainera, auzi bereko beste akusazio batek, 'Hazte Oir' elkarteak, beste kereila bat aurkeztu du Gobernuko presidentearen aurka, dirua bidegabe erabiltzea egotzita. X sare sozialean argitaratutako mezu batean eman du argitara, eta esan du atzotik zebiltzala "neurri berri bat prestatzen", "Espainiak merezi duela" argudiatuta.
Peinadoren aurkako kereila
Sanchezek emaztearen aurkako epaiketara lekuko gisa aurkeztu zen egun berean eman zuen Peinado epailearen aurkako kereilaren berri. Presidenteak ez deklaratzeko eskubidea baliatu zuen argudiatuz Peinadoren erabakiek ez dutela zehaztasunik, eta auzi honekin lotuta hartu dituen erabaki judizialak "bidegabeak" direla. Zentzu horretan, prebarikazioa leporatzen dio magistratuari.
Kereilak nabarmentzen duenez, helburua ez da Botere Judiziala erasotzea, baizik eta erakundeen funtzionamendu egokia babestea. Estatuko Abokatutzak auzitegiari eskatzen dio kereila onar dezala eta eginbide batzuk egin ditzala.