Katalunia
ERCko militanteen parte-hartze handia, Illaren inbestidurari buruzko galdeketan
EITB Media
Galdeketak ziklo bati amaiera eman diezaioke, baina ez dago batere argi emaitza zein izango den. 19:30ean eskainiko du alderdiaren zuzendaritzak prentsaurrekoa emaitzen berri emateko.
Botoa emateko eskubidea duten ERCko militanteen % 73k baino gehiagok eman dute botoa, bide telematikoak erabiliz, ERCk Salvador Illa sozialistaren inbestiduraren alde bozkatuko duen ala ez erabakitzeko.
ERCk azken orduetan jakinarazi du 8.500 afiliatu baino gehiago dituela, baina datu-basearen azken eguneratzearen ondoren, zenbaki hori 8.200 pasatxoraino jaitsi dela.
Afiliatuek 10:00ak eta 19:00ak bitartean eman dute botoa ('Bai', 'Ez' edo abstentzioa), bide telematikoak erabiliz, baina aurrez aurre bozkatzeko guneak ere jarri dira horretarako.
Bozketa elektronikoa izateak emaitza azkar ezagutzeko aukera emango du. 19:30ean eskainiko du alderdiaren zuzendaritzak prentsaurrekoa emaitzen berri emateko.
ERCko militanteek erabakiko dute, beraz, Kataluniako Parlamentuko 20 diputatu errepublikanoek Salvador Illa sozialista babestuko duten ala ez. Bozketa horrek ziklo politiko bati amaiera eman diezaioke, baina ez dago batere argi emaitza zein izango den.
PSCk errepublikanoen artean sortzen duen ezinikusiak, azken hauteskundeetan izandako emaitza eskasek, alderdi barruko zatiketak eta Maragall anaien aurkako kartelen inguruko polemikak baldintzatuko dute galdeketa.
Galdera hau egingo dute: "Ados zaude ERCk hautagai sozialistaren inbestiduraren alde bozkatzearekin, subiranotasun fiskalaren, katalanaren sustapenaren eta babesaren, gatazka politikoa konpontzeko Konbentzio Nazionalaren eta adostutako gainerako neurrien truke?".
Ekainaren 10ean, Oriol Junquerasek alderdiko presidente kargua utzi zuen, eta bere bidea Marta Rovirarenetik bereizi zuen. Junquerasek azaroaren 30eko kongresuan alderdiaren buruzagitza berreskuratzeko asmoa du. Rovirak, berriz, politikaren lehen lerroa utziko du, eta aurpegi berriek lekukoa hartzearen alde egingo du.
Horren aurrean, alderdiaren zuzendaritzak aurreakordioa babestu zuen, eta erabakia publikoki defendatu dute Rovira berak eta Pere Aragones jarduneko presidenteak.
Egungo zuzendaritzak Junquerasen babesa espero zuen, oinarrien baietza errazte aldera, baina ERCko presidente ohiak mezu anbiguoa argitaratu du, horren inguruan jarrera hartzea saihestuta eta militanteek dituzten "zalantzak" ulertzen dituela esanez.
Errepublikanoek Illari babesa emanez gero, PSCko buruak Josep Rull Parlamentuko presidenteari jakinarazi beharko lioke inbestidurara aurkezteko borondatea. Rullek astelehenean egin lezake bilera-sorta, eta Diputazio Iraunkorra deitu, ziurrenik, astearterako.
Orduan, Diputazio Iraunkorreko Mahaiak zehaztuko luke inbestidura-saioa, PSCren eta ERCren gehiengoarekin. Osoko bilkura asteazkenean izan liteke.
Aitzitik, Kataluniak hauteskundeak errepikatuko lituzke ERCko militanteek aurreakordioa atzera botaz gero; izan ere, ERCko zuzendaritzak sozialistekin negoziaziorik ez duela berriz abiatuko esan du, eta Illak baztertu egin du beste gehiengo batzuk bilatzea (Junts alderdiarekin edo PPren eta Voxen babesak bilatuta).
Abuztuaren 26an automatikoki abiatuko litzateke hauteskundeak errepikatzeko egutegia; bozak urriaren 13an izango lirateke, eta litekeena da egungoa baino aritmetika parlamentario zailagoa izatea horren emaitza. Ziurgabetasun hori Kongresura irits daiteke, eta Pedro Sanchezen Gobernuaren egonkortasunari eragin diezaioke.
ERCk ez du hautagai zehatzik, baina aurreikuspen txarrekin egingo lieke aurre hauteskunde horiei, eta litekeena da independentismoa zerrenda bakar batean aurkezteko Juntsen proposamenak berriro entzutea. Gainera, Junquerasek azaroan alderdiko buruzagitza berreskuratzeko bidea erraztu egingo litzateke.