Ustelkeria
De Miguel egunero aterako da kartzelatik Bizkaiko aholkularitza-enpresa batean lan egitera
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Arabako EAJko buruzagi ohia Zaballako espetxetik Basaurira eraman dute eta astelehenetik aurrera erdi-askatasuneko baimena izango du, espetxean sartu eta 13 hilabetera.
Alfredo de Miguel, Hego Euskal Herrian epaitutako ustelkeria politiko sare handienean zigortua, egunero aterako da kartzelatik, eta lotara itzuli beharko du, 9 urteko espetxe-zigorra betetzen hasi eta hamahiru hilabetera.
Arabako EAJko buruzagi ohia 2023ko uztailaren 6an sartu zen Zaballako espetxean, 12 urte eta 4 hilabeteko zigorra betetzeko, baina 9 urte emango ditu preso, EAJk gobernatutako administrazioen kontratu publikoak modu irregularrean lortzeko sare bateko buru izateagatik eta komisioak kobratzeagatik.
Euskadiko espetxeak kudeatzen dituen Justizia eta Giza Eskubideen Saileko iturriek EFE albiste-agentziari baieztatu diotenez, Zaballako (Araba) kartzelako Tratamendu Batzordeak uko egin zion hirugarren gradura (erdi aske) igarotzeko eskaerari.
Haren abokatuek Espetxe Zaintzako Epaitegira jo zuten, eta horrek espetxe-araudiaren 100.2 artikulua aplikatu zion. Horri esker, kanpoan lan egitera irten ahal izango da, hirugarren graduan sailkatuta egon gabe.
Neurri horrekin, El Correo egunkariak larunbat honetako edizioan jaso duenez, De Miguel atzo eraman zuten Zaballako espetxetik Basauriko espetxera, eta astelehenean goizean aterako da espetxetik, Bizkaiko aholkularitza-enpresa batean lan egiteko, eta lotara itzuli beharko du espetxera.
Egunkari horren arabera, kartzelan delitu ekonomikoengatik kondenatuentzako berariazko ikastaro bat egin izanak, espetxeko liburutegian lan egin izanak eta presoen posta bidezko botoa koordinatu izanak lagundu egin dio erdi-askatasuneko baimen hori lortzen.