Katalunia
ERCko gazteek Illaren inbestidura babestea erabaki dute
EITB Media
Jovent Republica ERCko gazteen zuzendaritza batzordeak "baietz kritikoaren alde" egin dute, eta Mar Besses diputatu gazteak Illaren inbestidura babestuko du Kataluniako Parlamentuan.
Jovent Republicako (ERCko gaztediaren kontseilua) zuzendaritza batzordeak Salvador Illa hautagai sozialistaren inbestidura babestea erabaki du gaur. "Baietz kritikoa" izan da gazte errepublikanoen hautua. Horrela, Illak 68 eserlekuko gehiengo absolutua ziurtatu du.
Iragan astean, botoa emateko eskubidea zuten ERCko militanteen % 77k (6.349 pertsona) parte hartu zuten alderdiaren kontsulta telematikoan, eta % 53,5ek (3.397) PSCrekin adostutako akordioa eta Salvador Illa sozialistaren inbestidura babestu zituzten.
Jovent Republicak, ERCrekin lotutako gazte erakundeak, aldiz, ez du gaur arte bermatu Mar Besses diputatuak inbestidura babestuko duela.
ERCko militanteek babes estua eman zioten alderdiaren egungo zuzendaritzari, Marta Rovira buru duenari, PSCrekin lortutako aurreakordioa defendatu duelako.
ERCk PSCrekin 25 orrialdeko dokumentu batean jasotako akordioak "finantzaketa berezia" aurreikusten du Kataluniarentzat, baita administrazio publikotik kultura katalana indartzeko edo gatazka politikoaren konponbidean aurrera egiteko neurriak ere.
Jovent Repubilcak uste du PSCrekin egindako akordioak "osagai positibo batzuk" dituela, neurri batean sozialisten jarrera "eskuindarrenak" zuzentzen dituelako, baina horrek ez du eragozten erakundeak "mesfidantza argia" izatea hitzartutakoa betetzearen inguruan.
Horrela, Bessesek oposizio "gogor, argi eta sendoa" egingo du, eta "akordioa betetzeko benetako berme" gisa kokatu nahi du bere burua.
Bessesek berak horrela baloratu du gazte errepublikarren erabakia bileraren ostean: "Konfiantzazko botoa ematen diogu lortutako akordio onari. Baina Illa jaunak argi izan behar du: ez gara berataz fidatzen. Ituna ez betetzeak ondorioak izango ditu", adierazi du X sare sozialean. "Eta, beti bezala, Jovent Republicaren militantziaren lezioa: konpromisoa, heldutasuna eta adimena", erantsi du.
Fem un vot de confiança al bon acord assolit.
— Mar Besses i Casanovas (@marbesses) August 5, 2024
Però el senyor Illa ho ha de tenir molt clar: no ens fiem d'ell. No complir tindrà conseqüències.
I, com sempre, lliçó de la militància del @JoventRepublica: compromís, maduresa i intel·ligència. A totes! https://t.co/y7CybCNmb4
Jovent Republicak Kataluniako ganberan dituen ordezkariek ERCko gainerako talde parlamentarioetatik bereizita bozkatu dute iraganean, baina inoiz ez dute egin inbestidura baten testuinguruan.
Jovent Republicaren oniritziarekin, eta ERCko militanteen baiezkoaren ostean, Illak gertuago ikusten du Generalitateko presidentetza, baina oraindik ere oztopo bat gainditu beharko du; izan ere, Carles Puigdemont presidente ohiak hitzeman du Kataluniara itzuliko dela inbestidura saiorako, atxilotua izateko arriskua izan arren, eta horrek agertoki politikoa alda dezakeela.