KATALUNIA
Mossoek Puigdemont aurkitzeko operazioa desaktibatu dute, baina kontrolak egiten jarraituko dute
EITB MEDIA
Bereziki, bi autoren bila ari dira. Horietako bat, presidenteak harrera-ekitaldia amaitutakoan alde egiteko erabili duena litzateke. Antza, mosso bat da azken horren jabea, eta atxilotuta dago, presidente ohiari ihes egiten laguntzeagatik.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohia bilatzeko 'Kaiola' (Gàbia) operazioa berriro indargabetu dute Esquadra Mossoek. 3. mailan aktibatu zuten Generalitateko presidente ohia aurkitzeko, Bartzelonan agertu ostean berriro leku ezezagun batan zegoelako.
Goizean jarri dute martxan operazioa, 10:00etan, Puigdemontek berriro ihes egitea lortu duela jabetu direnean. Hasieran, Bartzelona inguruan ezarri dituzte kontrolak, baina eguerdirako Katalunia osora zabaldu dute operatiboa. Auto-pilaketak eta trafiko arazoak eragin dituzte ezarritako kontrolek. Azkenean, lau orduko bilaketa eta gero, bertan behera utzi dute bilaketa, Puigdemonten arrastorik aurkitu gabe, eta errepidetako egoera bere onera etorri denean, berraktibatu dute.
18:00ak inguruan, ordea, berriro desaktibatu dute. Hala ere, mossoek "noizbehinkako kontrolak" egiten jarraituko dute, batez ere, muga inguruan.
Zazpi urte erbestean egon ondoren, Bartzelonara itzuli da JxCateko burua, eta jarraitzaileen aurrean hitzaldi labur bat eskaini ondoren, berriro alde egin du. Salvador Illa sozialistaren inbestidura saioan parte hartzera itzuliko zela esana zuen, baina ez du hala egin.
Iragarrita bezala, JxCatek deitutako harrera-ekitaldian izan da goizean Puigdemont. Ondoren, alderdi horretako diputatuek Parlamenterako bidea hartu dute, milaka jarraitzaileren artean, eta une horretan galdu dute Mossoek presidente ohiaren arrastoa. Antza, eskenatokiaren atzean zain zuen ibilgailu batean egin du ihes; mosso batena omen zen autoa eta, dagoeneko, atxilotu dute agentea, ihes egiten laguntzeagatik. Ikerketa bat ere zabaldu dute, ihesean parte-hartu dutenak identifikatzeko.
Hainbat hedabideren arabera, Generaliteko iturriak aipatuz, Puigdemontek Mossoekin atxiloketa diskretu bat zuen adostuta aurrez. Horren arabera, Lluis Comanys pasealekuan milaka jarraitzaileren aurrean atxilotzea ekidingo zuten poliziek, eta ekitaldiaren ondoren, Parlamentera sartu aurreko kontrolean hartuko zuten preso. Plana hankaz gora jarriz, betiere iturrion hitzetan, presidente ohiak alde egitea lortu du.
Nolanahi ere, Esquadra Mossoek zein Generalitateko Barne Kontseilaritzak ukatu egin du akordioa.
Kataluniako prozesu independentistan —'proces' izenez ezaguna— dirua bidegabe erabiltzea leporatuta, Puigdemont atxilotzeko agindua dute Esquadra Mossoek, Auzitegi Goreneko Pablo Llarena epaileak emanda. Amnistia Legetik kanpo utzi zuten delitu hori.
Arratsalderako urjentziaz deitutako agerraldi batean, JxCat alderdiak inbestidura saioaren etena luzatzea eskatu du, poliziak presidente ohia atxilotzeko abian jarri duen "operazio neurrigabeagatik". Aldi berean, "legez kanpoko" atxiloketak salatu ditu alderdi kataluniarrak. "Diputatu bati laguntzea ez da delitua", esan du Monica Sales JxCaten eledunak Parlamentean.
Puigdemont non dagoen behin eta berriz galdetu dioten arren kazetariek, Salesek ez du gaiari buruz hitzerdirik esan.