PUIGDEMONTEN IHESA
Feijook Sanchezen agerraldia eskatu du, eta Grande-Marlaska eta Robles "berehala" kargugabetzeko
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bestalde, Dolors Montserratek PPko buruaren adierazpenak babestu, eta Puigdemont berragertzea eta ihes egitea Espainiarentzat "umiliazio bikoitza" dela gaineratu du.
Alvaro Nuñez Feijook, Alderdi Popularreko buruak, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen agerraldia eskatu du, Puigdemonten ihesaldiari buruzko azalpenak emateko. Horrekin batera, Fernando Grande-Marlaska eta Margarita Robles ministroak "berehala" kargugabetzeko ere eskatu du. Bestalde, Dolors Montserratek PPko buruaren adierazpenak babestu ditu, eta Puigdemont berragertzea eta ihes egitea Espainiarentzat "umiliazio bikoitza" dela gaineratu du.
Adierazpen horiek X sare sozialaren bidez partekatu ditu Feijook, Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohia Espainiako Estatura itzuli eta ihes egin ostean.
"Atzokoa kalifikaezina da eta ezin da zigorrik gabe geratu. Sanchezen agerraldia eta Marlaska eta Robles berehala kargugabetzea exijitzen dut, polizia-operatiboak eta CNIk erakutsitako arduragabekeriagatik. Hainbeste fartsaren aurrean, Gobernuak ezin du oporretan jarraitu espainiar guztiez barre egiten", adierazi du popularrak.
Dolors Montserrat Europako Parlamentuko PPren bozeramaileak ere bat egin du Feijook egindako adierazpenekin. Hala, Generalitateko presidente ohia berragertzea eta ihes egitea espainiarrentzat "umiliazio bikoitza" dela gaineratu du.
Popularren artean sortutako zalapartaren ostean, Alderdi Popularrak ezohiko osoko bilkura egiteko eskaria aurkeztu du, gobernuburua "premiaz" ager dadin.
Hori horrela, Gobernuak Puigdemonten ekitaldirako martxan jarritako dispositibo polizialaren inguruan azalpenak emateko eskatuko dute popularrek.