Itxi

venezuelako hauteskundeak

Venezuelako Auzitegiak aurkeztutako dokumentuak berrikusiko ditu, hauteskundeetako emaitzei buruz erabakitzeko

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Plataforma Bateratu Demokratikoak esan du Gorenak ezin duela eragotzi Hauteskunde Batzorde Nazionalak hauteskundeen datu bereiziak argitaratzea. Halaber, NBE prest agertu da bitartekari lanak egiteko, alderdien arteko eztabaidak konpontze aldera.

Nicolás maduro, Venezuelako presidentea. Argazkia: EFE

Venezuelako Justizia Auzitegi Gorenak larunbatean iragarri duenez, erakunde politikoek eta hautagai ohiek aurkeztutako dokumentuak berrikusiko ditu, uztailaren 28ko hauteskundeetako emaitzak "balioztatzeko" prozesuaren inguruko erabaki bat hartzeko. Izan ere, hauteskundeetako emaitzek hautsak harrotu dituzte azken egunotan, zalantzan jarri baita egiazkoak diren.

Plataforma Bateratu Demokratikoa (PUD) Venezuelako oposizioko alderdi nagusiaren esanetan, Justizia Auzitegi Gorenak ezin du eragotzi Hauteskunde Batzorde Nazionalak (CNE) hauteskundeen datu bereiziak argitaratzea.

Era berean, Plataforma Bateratu Demokratikoak gogorarazi du Maduroren garaipena iragarri ostean, Elvis Amoroso CNEko presidenteak hitz eman zuela "datozen orduetan" kaleratuko zituela emaitzen datuak erakundearen webgunean, eta "13 egun igaro ondotik, ez du hitza bete". Gainera, CNEk bozketen auditoriak "justifikaziorik gabe eten ditu", horren arabera.

Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiko presidente Dennis Francisen hitzetan, NBE prest dago bitartekari lanak egiteko, alderdien arteko eztabaida konpontze aldera.

Aitzitik, NBEk azpimarratu duenez, "herritarrek erabaki beharko dute NBEk esku-hartzea nahi al duten ala ez".