Itxi

Memoria historikoa

La Cumbre jauregia memoria gune bihurtzeko proposamena egin du Donostiako Udalak

EITB Media

Leer en Castellano

Eraikin horretan Lasa eta Zabala oroitzeko gune bat ere sortzea jasotzen du Donostiako Udalak Espainiako Gobernuari igorritako atariko dokumentuak. Izan ere, bertan torturatu zituen Guardia Zibilak, hil eta Alacanten lurperatu aurretik.

Donostiako La Cumbre jauregia, Aiete auzoan. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Donostiako Udalak lehen pausoak eman ditu etorkizunean La Cumbre jauregia memoria demokratikorako gune bihurtzeko. EITBk jakin ahal izan duenez, Donostiako Udalak Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean landutako dokumentuaren lehen zirriborroa igorri dio Espainiako Gobernuari, oraindik erantzunik jaso ez badu ere. EITBk eskuratu ahal izan duen dokumentua jasotzen du, besteak beste, Aiete auzoko eraikin horretan Lasa eta Zabala oroitzeko espazio bat ere sortzea, Guardia Zibilak bertan torturatu baitzituen hil eta Alacanten lurperatu aurretik.

Zehazki, Lasa eta Zabala kasuak erakusketa espazioaren ardatz egituratzailea izatea nahi du, "balio sinboliko berezia eta espazioaren helburuak islatzeko potentzialitatea duelako".

Udalak giza eskubideen urraketa larri guztiak ikusarazi nahi ditu: behartutako desagerpenak, talde armatuen hilketak, polizia indarkeria, gerra zikina eta torturak, besteak beste. Horrez gain, testuingurua ulertzeko elementuak ere gehitzea proposatu du.

Proposamenaren arabera, jauregia "askatasunaren, demokraziaren eta justizia sozialaren" gune bihurtzea da, baita "pedagogia sozialerako eta giza eskubideen urraketei buruzko hausnarketa kritiko eta etikoa" bultzatzea ere.

Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak aurreko legealdian landutako testua da, eta oraindik hastapenetan dagoenez aldaketak izan ditzake.

La Cumbre jauregia honezkero irekita edo eraikitze bidean dauden espazioei batuko litzaieke: Bilboko Gogoragunea, Gernikako Bakearen Museoa, Gasteizko Terrorismoaren Zentroa, Turtziozeko La Puente jauregia, etab.

Gaur-gaurkoz, La Cumbre jauregia Espainiako Gobernuarena da, baina Memoria Demokratikoaren Legeak Donostiako Udalari eskualdatzea aurreikusten du, legearen berezko helburuekin bat datozen jardueretarako.

EH Bilduk akordioa egin du Espainiako Gobernuarekin Donostiako La Cumbre jauregia eta Ezkabako gotorlekua memoria-gune bilakatzeko.