Katalunia
PPko presidenteek PSOEri egotzi diote autonomiak "eredu konfederal asimetriko" batez ordezkatzea
Agentziak | EITB Media
"Baroi" popularrek manifestu bateratu bat idatzi dute Kataluniako finantzazio bereziaren kontra, "berdintasun eta elkartasunik eza" ekarriko duelako.
PPko presidente autonomikoek adierazpen bateratu bat sinatu dute Kataluniarentzako finantzazio bereziaren aurka, eta bertan ohartarazi dute PSOEren eta independentisten arteko akordioak Estatu autonomikoaren ordez "eredu konfederal asimetriko" bat jarri nahi duela: "Gure Konstituzioa eta Estatu eredua atzeko atetik aldatzeko saiakera ez-legitimoa da".
Hamabi baroi popularrak Alberto Nuñez Feijoo alderdiko presidentearekin bilduko dira aurki.
Baroiek onartzen dituzte autonomia-erkidego bakoitzak finantzazioaren arloan dituen "berezitasunak", baina "berdintasun eta elkartasunik eza" baztertzen dute. Gauzak horrela, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea eta bere kideak "ez dira Estatu autonomikoa garatzen saiatzen ari, suntsitu eta eredu konfederal asimetriko batekin ordezkatu baizik" ohartarazi dute.
Autonomia eta Estatuko Ogasuna eta "solidaritatea zaintzeko duen gaitasuna eta agindu konstituzionala dinamitatzea" leporatu diote PSOEri. "Fiskalitatearen erabateko lagapenak beste prozesu independentista bat mugarik gabe finantzatzeko balioko luke, gainerako erkidegoetako herritarrei zergak igota ordaindu beharko litzateke eta Katalunian Estaturik ez dagoela ziurtatuko luke", gaineratu dute.
PPko "baroiek" berretsi dute "berdintasuna eta elkartasuna" Estatu autonomikoaren "printzipio ukaezinak" direla; hori dela eta, "garrantzi handiko" erabakiak guztien artean hartzeko eskatu diote Gobernuari, eta ez "Espainia osoa eta Katalunia osoa ordezkatzen ez duten alderdien arteko negoziazio itxietan".
"Konstituzioa eta Estatu eredua atzeko atetik aldatzeko saiakera ez-legitimo honen aurrean, eskura duten erantzun demokratikoa artikulatzeko" deia egin dute popularrek.