Itxi

MIGRAZIOA

Sanchezek lankidetza beharra aldarrikatu du migrazio gaietan Mautiraniako, Gambiako eta Senegalgo bidaietan

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Espainiako presidenteak migrazio zirkularra sustatzeko akordio bat iragarri du Mauritanian, eta "mafien" aurka egiteko lankidetza Gambian.

Pedro Sanchez eta Mohamed Uld Ghazuani, Mauritaniak presidentea. Argazkia: EFE.

Pedro Sanchez, Espainiako Gobernuko presidentea, inbertsioak sustatzeko Afrikako aliantza bultzatzearen alde agertu da, Afrikan egiten ari den hiru eguneko bidaian. Gaur, Mauritania, Gambia eta Senegalen txanda izan da.

Mautiraniara egindako bisitan, Sanchezek migrazioa ez dela inoiz arazo gisa ulertu behar aldarrikatu du. "Arazo jakin batzuk dakartzan beharra" dela defendatu du eta, erregularra izatea ahalbidetuko duten irtenbideak bilatu behar direla adierazi du, "bi herrialdeei mesede" egin diezaien.

Sanchezek azpimarratu duenez, "Espainiarentzat migrazioa aberastasuna, garapena eta oparotasuna da". Bere ustez, bi herrialdeek "migrazioaren fenomenoa modu gizatiar, seguru eta ordenatuan kudeatzea ahalbidetuko duten formulak bultzatu" behar dituzte, "gure gizarteen mesedetan" eta, ondorioz, "gizakiekin trafikatzen duten mafien aurka borrokatzea" derrigorrezkoa dela esan du.

Mohamed Uld Ghazuani Mauritaniako presidentearekin batera egindako agerraldian egin ditu adierazpenok presidenteak. Bertan, bi herrialdeen artean memorandum bat sinatuko dela iragarri da. Besteak beste,  Mauritania defentsan eta segurtasunean prest egon dadin, 500 000 euroko partida bat aginduko da horretan. Otsailean beste 300 milioi bideratzeko konpromisoa hartu zuen Sanchezek inbertsioa, garapen-proiektuak eta finantza-lankidetza sustatzeko.

Era berean, memorandumean migrazio zirkularra sustatzeko akordio bat jasotzen da. Migrazio mota horretan, jatorriko herrialdeko langileak aldi baterako kontratatzen dira, sektore jakin batzuetan, hala nola nekazaritzan. Langile horiek euren herrialdera itzuliko dira kontratuak amaitutakoan.

Bestalde, Mauritaniako presidenteak eskerrak eman dizkio Sanchezi, Espainiak haren herrialdearen garapenari laguntzeko erakutsitako "prestasunagatik" eta, bereziki, migrazio zirkularraren aldeko apustuagatik.

Gambiako mafiak geldiaraztea

Gambiara egindako bisita ofizialean, Pedro Sanchezek Espainiak eta Gambiak duten "helburu komuna" aldarrikatu du, hots, migratzaileekin trafikatzen duten mafiei aurre egitea eta bi herrialdeetako segurtasun indarren arteko lankidetza indartzea.

"Helburu bateratua dugu: itsasoan bizitzak salbatzea eta bizitza hobeago baten bila doazen pertsonak esplotatzen dituzten mafiak geldiaraztea", esan du Sanchezek.

Gainera, Pedro Sanchezek migrazio zirkularraren inguruko akordio bat sinatzea espero du Adama Barrow Gambiako presidentearekin. Akordioak gambiarrek Espainian aldi baterako lan egitea eta gero beren herrialdera itzul daitezen ahalbideratuko du. Segurtasunaren eta delinkuentziaren aurkako borrokaren arloan ere akordio bat egitea aurreikusten du.

'Afrika Aurrera Aliantza' sustatzea Senegalen

Espainiako presidentea Senegalera iritsi da eta, bertan, sektore eraldatzaileetan inbertsioak bultzatu nahi dituela adierazi du, 'Afrika Aurrera Aliantza' abian jarrita.

Feijook Sanchezen hitzak kritikatu ditu

Alberto Núñez Feijoo Alderdi Popularreko presidenteak "arduragabekeriatzat" jo du "migrazio irregularraren krisi larri honetan dei efektu bat egitea", X sare sozialean zabaldutako mezu baten bidez.

Popularren liderrak iritzi du Sanchez "espainia helmuga turistiko" gisa saltzera joan dela Afrikara, "mafiei aurre egitera" joan beharrean, "EBk egiten duen bezala". Halaber, Espainiara datozen pertsonek "jatorriko kontratua" eta Espainiako legeak "beteko dituen konrpmisoa" izan beharko lituzketela gehitu du.