Itxi

Katalunia

PSCren Gobernuak ERCren Diadaren diseinua mantendu du, "guztiontzat" pentsatuta dago eta

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Silvia Paneque bozeramailearen arabera, Aragonesen Gobernua "egungo une politikoarekiko eta irailaren 11n izan zitezkeen egoerekiko sentibera" izan zen Kataluniako egun nazionalaren ospakizunak prestatzean.

Silvia Panqeue, Generalitateko bozeramailea, Diadaren aurkezpenean. Argazkia: EFE

Salvador Illa (PSC) buru duen Kataluniako Generalitateko Gobernuak ERCk Diada Nazionala dela eta aurtengo irailaren 11rako diseinatutako kanpaina instituzionalari eustea erabaki du. Sentimendu katalanistaren, Kataluniaren batasunaren eta aniztasunaren alde egingo dute, eta faxismoa eta eskuin muturra gaitzetsiko dute.

Silvia Paneque bozeramaileak adierazi duenez, egungo Gobernua eroso dago errepublikanoen kanpainarekin eta, beraz, pentsatuta zegoen moduan mantendu du. Alde bakarra presidenteak bere mezua emango duen tokia izango da: oraingoan, Generalitateko Jauregian egingo du.

"Guztiontzat pentsatu zen Diada bat da hau", esan du Panequek, eta nabarmendu du Aragonesen Gobernua "egungo une politikoarekiko eta irailaren 11n izan zitezkeen egoerekiko sentibera" izan zela.

"Bihotz asko, taupada bakarra" lelopean, Diadaren kanpaina instituzionalak "inklusioan, errespetuan eta ezberdintasunen ospakizunean oinarritutako" sentimendu eta harrotasun katalanzalea ospatu nahi du, eta gorroto-diskurtsoak baztertu.

"Kataluniako Diada nazional honen funtsezko balioak dira aniztasuna, transbertsalitatea, batasuna eta denok kabitzea. Balio horiek faxismoaren eta eskuin muturraren aurkako mezuak dira; izan ere, proiektu baztertzaileak dira, eta aniztasuna arazotzat jotzen dute beti, ez aberastasuntzat ", argudiatu du Panequek.

Halaber, nabarmendu du Diada egun garrantzitsua dela katalan guztientzat: "Herritar gisa batzen gaitu, eta zentzua ematen dio pertenentzia-sentimendu horri. Erresistentzia eta hobetzeko grina etengabe frogatu izan duen herrialdea gara, eta horrek indartsuago egiten gaitu eta elkartu egiten gaitu".