Itxi

PSOE

Sanchezek urtebete aurreratuko du PSOEren kongresua, urrian egiteko

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Sozialisten Batzorde Federaleko iturriek baieztatu dutenez, litekeena da astelehen goizean Batzorde Exekutibo Federalean erabakia hartzea.

Pedro Sanchez. Argazkia: EFE

Pedro Sanchez buruzagi sozialistak proposatuta, PSOEren Kongresu Federala azarorako deitzea aurreikusten du zuzendaritzak, estatutuetan jasotakoaren arabera dagokion data baino urtebete lehenago. Deialdia astelehenean egingo dute.

Sanchezek astelehen honetan batuko du Gobernua eta irailaren 7an Batrozde Federala deitzea espero da, Kongresura begirako prozesua abian jartzeko. 

Kongresu federala, alderdiaren organo erabakitzaile nagusia, Sevillan egitea da asmoa, azaroan ziurrenik; azkena Valentzian egin zen 2021eko urriaren 15etik 17ra, eta, beraz, lau urtera deitu beharko litzateke, 2025eko urrian.

Kongresu honek hauteskunde-zikloaren ondoren alderdia berrabiarazteko eta zuzendaritza-taldea berritzeko balioko luke. Baina, horrez gain, PSOEren kongresu federalaren ostean etorriko lirateke lurralde-kongresuak urtearen amaieran eta 2025aren hasieran, eta, horietan, erkidegoetako lidergo sozialista guztiak izango dira jokoan.

Erabaki horrekin, Sanchezek alderdia ikasturte politikoaren hasieratik mobilizatzea bilatzen du, iraileko lehen lan-egunean bertan.

Halaber, datoren asteazkenean, irailaren 4an, ikasturte berrirako planak eta lehentasunak azalduko ditu ekitaldi batean, Espainiako gizarteko sektore guztietako ordezkari ugari bertan direla.