KATALUNIA
Turull, Puigdemonten ihesari buruz: "Bartzelonan egon ginen arratsaldeko zortziak arte"
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Juntseko idazkari nagusiaren esanetan, Puigdemontek Illaren inbestidura-saiora joateko asmoa zuen, baina polizia-dispositibo "neurrigabea" ikusita, alde egitea erabaki zuen. Hainbat etxebizitzatan ezkutatu zen.
Jordi Turull JxCateko idazkari nagusiak Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiak abuztuaren 8an izandako ihesaldiari buruzko xehetasun gehiago eman ditu gaur. Azaldu duenez, Puigdemont 19:00ak edo 20:00ak arte egon zen Bartzelonan, Waterloora (Belgika) itzuli aurretik.
RAC1 irrati-kateari egindako adierazpenetan Turullek azaldu duenez, Kataluniako hiriburuko Garaipenaren Arkuaren inguruan zegoen agertokitik jaitsi ostean, Puigdemont Bartzelonako etxebizitza batera joan zen, eta bertan egon zen "eguerdira arte". Orduan erabaki zuen Waterloora itzultzea, Salvador Illa Generalitateko presidente izendatzeko osoko bilkurara joateko "ezintasunaren" aurrean.
Turullek esan duenez, eguerdian Kataluniako hiriburuan bertan baina Parlamentetik urrunago dagoen beste etxebizitza batera joan zen, eta arratsaldeko 20:00ak aldera abiatu zen Belgikara.
Puigdemonten asmoa eztabaidara joan eta Parlamentean sartzea zen, Turullen arabera. Ihes egiteko erabakia momentuan hartu zuen, Esquadra Mossoek atxilotzeko dispositiboa martxan zutela ikusita. Halaber, ukatu egin du Kataluniako poliziarekin inolako akordiorik lortu izana presidente ohia atxilotzeko.
Puigdemont abuztuaren 6an sartu zen Katalunian, AP-7 autobidetik, inbestidura-eztabaida egin baino bi egun lehenago, eta hilaren 8an atera zen, errepidez, nahiz eta Turullek ez duen jakinarazi zein ibilbide egin zuten. Hori bai, zehaztu du geldialdirik egin gabe itzuli zela Belgikara.
"Arazoa ez da Puigdemont; amnistia aplikatu behar zuen eta egin ez zuen epailea da arazoa", adierazi du.
JxCatek Diputatuen Kongresuan duen jarrerari dagokionez, Turullek berretsi du Gobernuak ez duela "inolako babesik bermatuta". Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente izendatzea "amnistiaren truke" adostu zutela azaldu du eta, ondoren "piezaz pieza" negoziatzekotan gelditu zirela.