Itxi

ESPAINIAKO GOBERNUA

Sanchezek zerga igoera iragarri du "bankuan 100 bizitza bizitzeko adina diru" dutenentzat

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Abiatu berri den urte politikorako helburu eta lan-ildo nagusiak aurkeztu ditu Espainiako Gobernuko presidenteak. Fiskalitate progresiboagoa lortzeko hainbat neurri agindu ditu, "gehien duenak gehiago ordain dezan".

Pedro Sanchez, gaur, Madrilen. Argazkia: EFE

"Bankuan 100 bizitza bizitzeko adina diru" dutenentzat zerga igoera iragarri du gaur Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak. "Ez dugu egingo milioidunak kaltetzeko, erabat bidegabea den sistema batean klase ertaineko herritarrak babesteko baizik", zehaztu du, bere Gobernuak urte politiko berrirako dituen erronkak aurkezteko egin duen agerraldian, Madrilen.

Finantzazio sistema "bidezkoagoa" eta "erkidego guztientzat baliabide gehiago" agindu ditu, eta horretarako "eliteen pribilegioak" mugatzeko neurri berriak abian jarriko dituztela jakinarazi du.

Zenbait iragarpen zehatz ere egin ditu gobernuburu espainiarrak. Besteak beste, baieztatu du datorren astean egingo den Ministroen Kontseiluan 2025erako gastu-sabaia onartuko dutela. Aurrekontu Orokorren proposamena aurkeztu aurreko urratsa izaten da hori, eta esan duenez, "koalizio-gobernuaren DNA" eramango dute kontuek. Ziurtatu du bere Gobernuak "aurrekontu sozialagoen" alde egingo duela lan, "inbertsio publikoa sendotuz eta zabalduz, azken sei urteotan bezala".

Halaber, lanaldia astean 37,5 ordura murrizteko konpromisoa berretsi du, "espainiar guztiek bizitzeko lan egin dezaten, eta ez lan egiteko bizi". Baita ere, azaldu du ikasturte politiko berrian lanbide arteko gutxieneko soldataren  araudi espainiarra Europako zuzentarauan ezarritako estandarretara egokituko dela.

 "Luzerako gobernua"

Legealdia amaitzeko hiru urte aurretik direla, Sanchezek ohartarazi du "luzerako gobernua" dagoela eta ziur agertu da gai izango direla akordioetara iristeko. Hala, eskua luzatu eta laguntza eskatu die talde guztiei, "aurrerapausoak elkarrekin batera" emateko.

"Azken urteotan ezer ikasi badugu", erantsi du, "haizea kontra izanda ere aurrera egiten izan da". "Pilak kargatuta gatoz, gogotsu, proiektuz beteta eta baikor".