Itxi

Eusko Jaurlaritza

Torresek Confebask eta ELArekin itxi ditu patronala eta sindikatuekin izandako bilera "eraikitzaileak"

M. D. | EITB Media

Leer en Castellano

Confebaskek "erabateko prestutasuna" agertu du garapenaren, enpleguaren eta ongizatearen alde lan egiteko, eta ELAk fokua patronalean jartzeko eskatu dio Torresi, "oinarrizko hobekuntzak" ukatzen dituelako.

Mitxel Lakuntza, ELAko idazkari nagusia, eta Mikel Torres, Ekonomia sailburua. Argazkia: EFE

Mikel Torres Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak Confebaskekin eta ELArekin amaitu du aste honetan patronalarekin eta sindikatuekin izan duen bilera-sorta. X sare sozialean idatzi duenez, "oso eraikitzaileak" izan dira bilerak.

Tamara Yague Confebaskeko presidentearekin izandako bilera "adeitasunezko" giroan egin da, patronalaren arabera. "Ekonomiaren eta enpresen garapenaren, enplegua sortzearen eta euskal gizarte osoaren ongizatearen alde elkarrekin lan egiteko erabateko prestutasuna" agertu du patronalak.

ELAk, bestalde, lan-osasuna lehentasun gisa jartzeko eskatu dio sailburuari. Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak parte hartu du bileran, eta sindikatuak esan dio beharrezkoa dela "fokua patronalean jartzea"; izan ere, uko egiten dio negoziazio kolektiboan "oinarrizko hobekuntzak" onartzeari, eta grebek bakarrik ahalbidetzen dute "hitzarmen gehiago eta hobeak" lortzea.

Aurreko egunetan, lehendakariordea LAB, CCOO eta UGT sindikatuekin ere bildu da, eta horiek langileek egin dezaketen presioa azpimarratu dute, lan-baldintzetan hobekuntzak lortzeko modu bakarra baita.

Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusiak eta Oihana Lopetegi ekintza sindikal eta negoziazio kolektiboko arduradunak bilera aprobetxatu zuten Torresi helarazteko "lan eta bizi baldintza duinen aldeko apustua". Horretarako, enpleguaren kalitatea hobetzeko, soldatak duintzeko, 1.600 euroko gutxieneko soldata ezartzeko eta lanaldia murrizteko eskatu zuen.

Loli Garcia CCOOko idazkari nagusiak Torresi adierazi zion bere sindikatuak "mobilizazio-negoziazio binomioa" erabiltzen jarraituko duela, "langile klasearentzat onura ugari ekarri baititu".

UGTren izenean, Raul Arza idazkari nagusiak Lan Ikuskaritza indartzeko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari, lanpostu hutsak betez, "enpleguaren kalitatea edo ordutegiak bete daitezen kontrol eraginkorra" egin ahal izateko, eta elkarrizketa soziala defendatu zuen.