Osasun ituna
Pradalesek azpimarratu du “epe luzerako eraldaketa” pentsatzea dela osasun-itunaren helburua
EITB Media
Lehendakariak ziurtatu duenez, itunak "ez du baztertu behar egunetik egunera hobetzeko konpromisoa hartzea".
Your browser doesn’t support HTML5 video
Imanol Pradales lehendakariak ostegun honetan adierazi du sustatzen duen osasun ituna neurri zehatzak hartzetik "harago" doala. "Osasun sistema osoaren eraldaketan ere pentsatu behar da eta hurrengo 4 urteetatik harago begiratuko du. 10-15 urtera begiratu behar da", argitu du.
Bilbon alderdi politiko, sindikatu, unibertsitate eta osasungintzarekin lotutako erakundeekin egindako lehen bilera gidatzen ari da Pradales. 6 hilabeteko epean EAEko osasun publikoa hobetzea helburu duen itun handi bat lortu nahi dute.
Hedabideen aurrean egindako agerraldian lehendakariak adierazi duenez, mahaiak eta osasun itunak "ez dute euskal osasun sistema hobetzeko egunero lan egiteko konpromisoa alde batera uzten". "Bi plano desberdin dira", argitu du.
Pradalesek ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak Osasun Sailetik erabakiak "egunero" hartzen jarraituko duela, Osakidetza "hobetzeko".