Itxi

OSASUN-ITUNA

Osakidetzaren egoera irauli eta bikaintasuna berreskuratzea asmo duen osasun mahaia, abian

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Bi ordu pasa iraun duen bileran, 264 orriko lan zirriborroa jarri du mahai gainean Alberto Martinez Osasun sailburuak. Osasun sistemaren etorkizuneko erronkei aurre egiteko oinarriak zehazten hasteko abiapuntua izan nahi du dokumentuak, eta eragile guztien ekarpenekin osatu nahi da.

Osasun mahaiaren bilera, gaur, Bilbon. Argazkia: EFE

Osasun sistema berria eraikitzeko abian jarri den mahaia martxan da. Egungo egoera irauli eta galdutako bikaintasuna berreskuratu nahi da, eta horretarako, etorkizuneko Osakidetzaren oinarriak finkatuko dituen lantaldeak aurreneko bilera egin du, gaur, Bilbon. Bilera horretan, Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak 264 orriko lan zirriborro bana banatu die EHUren Bizkaia Aretoan elkartu diren eragileei.

Ezinbestekoa da modu koordinatuan eta proaktiboan jardutea, Osakidetzak egun dituen erronkei erantzuteko eta kalitatezko osasun sistema bermatzeko. Hori dio, besteak beste, eragile guztien ekarpenekin osatu nahi den dokumentuak. Etorkizuneko Osakidetzaren oinarriak finkatzea da asmoa, eta emango diren urratsak erabakitzea. Sei hilabeteko lana izango dela aurreikusi du Jaurlaritzak, eta datorren urteko martxorako osasunaren inguruko herri-ituna indarrean egotea espero du.

Bilera aurretik, Imanol Pradales lehendakariak esan du Osasun sistemak eragile guztien ekarpenak behar dituela.  "Hori egiteko parte guztien ekarpenak oso garrantzitsuak dira", gaineratu du lehendakariak. Jarrera eraikitzailea eta epe labur zein luzerako begirada eskatu dizkie eragile politiko eta sozialei.

Mahaiak bere lana egin bitartean, agindu du Pradalesek egunerokoa ere zainduko duela, eta neurriak hartuko dituela Osakidetza hobetzeko.

Batzarrean parte hartu duten oposizioko alderdiek zein sindikatuek jarrera aldaketa eskertu bai, baina zuhurtzia handia erakutsi nahi izan dute. Egiturazko aldaketak ekarriko dituen konpromisoak nahi dituzte, eta mahaia propagandarako tresna ez izatea eskatu dute.

Bilerak helburu duen itunaren asmoa ez da aldian aldiko aldaketak egitea, hurrengo 10-15 urteetako osasun sistemaren oinarria ondo finkatzea baizik. Hauek dira egin diren proposamenen gakoak: osasun sistema eraldatu, itxaron zerrendak murriztu eta lehen arreta hobetu eta kalitatezko zerbitzua eman, berriro ere, Europan erreferente izan dadin.

Lehendakariak eta Osasun sailburuak gidatu dute goizeko bilera. Alderdietako, sindikatueko eta osasungintzarekin zerikusia duten elkarteetako ordezkariek hartu dute parte. Hutsune nabarmenena ELA sindikatuarena izan da, uko egin baitio parte hartzeari.