Itxi

Euskal diasporaren eguna

Euskal diasporaren iraganeko, oraineko eta etorkizuneko funtsezko zeregina nabarmendu du Pradalesek

EITB

Leer en Castellano

Eusko Jaurlaritzak Euskal Diasporaren Nazioarteko 7. Eguna ospatu du Oñatin, Boiseko Unibertsitateko ikasle eta irakasle talde batek bertan lehen egonaldia egin zuenetik 50 urte bete direnean.

Oñatiko ekitaldiko talde-argazkia. EFE.

Euskal diasporak Euskadiri egindako "ezinbesteko ekarpena eta funtsezko zeregina" azpimarratu ditu igande honetan Oñatin Imanol Pradales lehendakariak, eta Euskadi "herri migratzailea" dela azpimarratzeaz gain, "harrera egin behar duen herria" dela esan du.

Oñatin esan ditu hitzok lehendakariak, Eusko Jaurlaritzak antolatutako Euskal Diasporaren Nazioarteko 7. Egunean, hain zuzen ere.  

Ekitaldian, besteak beste, hauek izan dira: Maria Ubarretxena Jaurlaritzaren bozeramailea, Mikel Jauregi Industria sailburua, Ignacio Pérez Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua, Izaro Elorza Oñatiko alkatea, Ander Caballero Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako idazkari nagusia eta Gorka Álvarez Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria.

Aurten Oñati aukeratu dute ospakizun honetarako, Boiseko (Idaho, AEB) Estatu Unibertsitateko ikasle eta irakasleen lehen egonaldi programaren 50. urteurrena delako. 1974an egin zuten lehena.

Ekitaldi nagusia Larraña auzoko Eltzia eraikinean egin da, eta lehendakariak adierazi duenez, "gaurkoa pozik egoteko eguna da; izan ere, duela 50 urte azaldu zen hemen, Oñatin, 90 lagunez osatutako talde bat, Pat Bieter irakasle boisetarrak bultzatutako euskaldunen talde bat. Helburua aberrira itzultzea zen, kulturaz gozatu eta euskara ikastea. Eta hala egin zuten".

Pradalesek nabarmendu du egun hau "euskaldunentzako festa berezia" dela eta "esanahiz beteta" dagoela, eta 15 herrialdetan 100 ekitaldi baino gehiago antolatu direla jakinarazi du, ospakizuna diasporan "errotzen" ari den erakusgarri. 

Lehendakariak beste herrialde batzuetara joan behar izan zuten euskaldunen historia oroitu du, eta berak diasporarekin lehen harremana nola izan zuen azaldu du, Miguel Mari (Mexikora bizitzera joan zen gazte bat) ezagutu zuenean izan baitzuen. Orduan ohartu zen, bere hitzetan, Euskadi "herrialde migratzailea" ere badela. 

Pradalesek euskal diasporaren "ezinbesteko ekarpena" azpimarratu du. "Milaka eta milaka euskaldun, han eta hemen, munduko bazter guztietan. Euren ekarpenari esker, gure hizkuntza eta kultura nazioarteko dimentsio berri batera eraman ditugu elkarrekin. Eta orain, aldaketa garai honetan, elkarrekin imajinatu behar dugu gure harreman berria, diaspora berriarekin dugun harremana", gaineratu du.

Imanol Pradales, gaur, Oñatin. EFE.

Euskadi globala

Inbestidura-saioan esandakoak gogora ekarriz azaldu duenez, Euskadik "asko du jokoan nazioarteko testuinguruan datozen urteetan". "Bidegurutze baten aurrean gaude, eta bidea aukeratu behar dugu", gaineratu du lehendakariak.

"Sare berriak" ehundu beharra azpimarratu du Pradalesek, eta Euskadi balioa emango dioten "nodoekin konektatu" beharra, bai giza balioa, bai balio kulturala, ekonomikoa, zientifikoa eta industriala nabarmentzeko. "Estrategia globala eta nazioartekoa, euskaldunok berriro ere itsaso eta mundu berriak zeharka ditzagun, gure herriarentzat oparotasuna bilatze aldera. Euskadi global batez ari naiz", adierazi du. Horretarako, "funtsezkoa da euskal diasporaren eta diaspora osatzen duten pertsonen papera; izan ere, atzo bezala, gaur ere enbaxadorerik onenak zarete", erantsi du.

Imanol Pradalesen esanetan, euskal diaspora "ez da argazki finko bat", urtero ehunka euskal herritar ateratzen baitira atzerrira formakuntza Euskadin jaso ondoren, eta horretarako dituzten arrazoiak aipatu ditu: "esperientzia berriak bizitzea, ikasketak osatzea edo etorkizun hobea lantzea".

"Ez dugu ahaztu behar pertsona horiek ere gure kanpoko sarearen parte direla. Ezinbesteko eragile zarete gure aurrerabiderako, zentzu guztietan. Gure radarrean eduki behar zaituztegu eta etxera itzuli nahi duzuenontzako bideak eskaini behar dizkizuegu", esan du.

Harrera egin behar duen herria

Padralesek azaldu du Larraña Etxea oso gertu dutela, harrera-zentro "garrantzitsua" izandakoa, "aspaldikoak ez diren garaietako errealitatea gogorarazten duen lekua". "Euskal Herria ongi hartua izan da eta da oraindik ere. Horregatik, guk ere harrera-herri izan behar dugu", gaineratu du.

"Erronka berriek rol berriak eskatzen dituzte, eta ziur nago euskal diasporak ezinbesteko ekarpena egiten jarraituko duela. Izan zirelako gara, eta garelako izango dira", adierazi du.