Auzitegi Gorena
Puigdemonti amnistia ez aplikatzeko erabakia berretsi du Llarena epaileak
AGENTZIAK | eitb media
Auzitegi Goreneko epaileak atzera bota du Kataluniako presidente ohiaren helegitea, eta nabarmendu du legeak amnistiatik kanpo uzten dituela bidegabeko eralgitze delituak.
Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak atzera bota du Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak amnistia legea ez aplikatzeko erabakiaren aurka jarritako helegitea.
Llarenak auto bat kaleratu du, eta, bertan, Puigdemonten eta Lluis Puig eta Antoni Comin kontseilari ohien erreforma-helegiteak atzera bota ditu. Fiskaltzaren eta Estatuko Abokatutzaren helegiteak ere atzera bota ditu, auzipetuei araua aplikatzeko eskatu baitzioten epaileari.
Instruktoreak nabarmendu du legeak amnistiatik kanpo uzten dituela bidegabeko eralgitze-delituak, subjektuak "ondare-izaerako onura pertsonala lortzeko asmoz" jarduten duenean, eta hori gertatu dela uste du.
Voxen errekurtsoa ere ezetsi du, desobedientzia delituari ere amnistia ez aplikatzea eskatu baitzuen. Bestalde, arrazoia eman dio Marta Rovira ERCko buruzagiari, onartu baitu desobedientziagatiko auzia artxibatzea Salari dagokiola, eta, beraz, onartu egin du haren errekurtsoa, eta hari buruzko sumarioa amaitu du.
Erreakzioak
Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiak deitoratu egin du "Espainiak" amnistia legea ez aplikatzea erabaki izana "frankismoko krimenak zigorrik gabe mantentzea erabakitzen duen egun berean", eta erabakiaren berri "prentsaren bidez" izan duela adierazi du.
Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak Pablo Llarena instrukzio-epaileari ohartarazi dio "garrantzitsua" dela Kongresuko gehiengo parlamentarioaren borondatea "amnistia osoa" dela kontuan hartzea.
Lurralde, Etxebizitza eta Trantsizio Ekologikoko kontseilari eta Kataluniako Gobernuko bozeramaile Sílvia Panequek amnistia legea "aitzakiarik gabe" aplikatzeko eta botere legegileak onartutako arauak "errespetatzeko" eskatu dio botere judizialari.
Espainiako Kongresuan Sumarren bozeramaile ondokoa eta 'komunen' buruzagia den Aina Vidalek aldarrikatu du Amnistia Legea ez errespetatzea "Espainiaren kontra egitea" eta "politikaren kontra" egitea dela, arau hori konstituzionala dela uste baitu.
Bestalde, Eduardo Pujol Juntseko senatariak Pablo Llarena magistratuaren aurka egin du, eta "biboterik gabeko Tejero 3.0" deitu dio.