Itxi

Venezuela

Espainiako Gobernuak ez du oraingoz Edmundo Gonzalez aitortuko, Venezuelarekin "negoziatzeko tartea" izateko

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Pedro Sanchezen arabera, Espainiako Gobernua lanean ari da Europar Batasunean jarrera bateratua lortzeko Venezuelaren inguruan eta konponbide bat aurkitzeko.

Pedro Sanchez, Txinara egiten ari den bidaian. Argazkia: EFE

Diputatuen Kongresuak Edmundo Gonzalez Venezuelako presidente hautatu gisa aitortzea eskatu arren, Venezuelarekin "negoziatzeko tartea" izan nahi du Espainiako Gobernuak eta, hortaz, ez du berehalakoan egingo. Hala baieztatu du gaur Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak. Horrez gain, Europar Batasunean jarrera bateratua lortzeko lanean ari dela nabarmendu du.

Sanchezek nabarmendu duenez, bere gobernuak Venezuelako Gobernuari eskatu dio hauteskundeetako aktak argitaratzeko eta ez du Nicolas Maduroren garaipena aitortu. Horren ordez, Europar Batasunean jarrera bateratua lortu nahi du urte amaiera bitartean "negoziatzeko tartea" izateko eta egoerari "konponbide demokratikoa" eman eta venezuelarrek hautestontzietan erakutsitako borondatea errespetatzeko.

Espainiaren jarrera "zentzuzkoa" dela uste du Sanchezek, eta oposizioari aurpegiratu dio gobernuaren ekimen guztien aurka egitea.

Gaur Kongresuan egingo den bozketan, aurrera aterako da Espainiako Gobernuari Edmundo Gonzalez Venezuelako presidente aitortzea eskatzen dion testua, aldeko 177 botorekin. 

EAJk babestu egingo du PPren ekimena. Jeltzaleez gain, PPk, Voxek, UPNk eta Coalicion Canariak ere babestuko dute.