BIDE SEGURTASUNA
Gidatzean odolean baimendutako gehienezko alkohol tasa 0,5etik 0,2ra jatsi nahi du Espainiako Gobernuak
Agentziak | EITB Media
Espainiako Barne ministroaren arabera, Espainiako Estatuan izaten diren istripuen erdietan baino gehiagotan zuzeneko eragina dute alkoholak edota drogak.
Espainiako Gobernuak erdira jaitsi nahi du gidatzeko baimenduta dagoen alkohol tasa gidari guztientzat, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak ostegun honetan iragarri duenez.
Gaur egun, odol litro bakoitzeko gehienez 0,5 gramo alkohol izatea baimentzen du legeak Espainian. Marlaska ministroak xehetasunik eman ez badu ere, Barne Ministerioak adierazi du odolean baimenduta dagoen gehieneko alkohol tasa 0,5 gramotik 0,20ra jaistea dela asmoa (botatako aire litroko 0,25 miligramotik 0,10 miligramora).
Errepide istripuen biktimen elkarteek egin dute baimendutako alkohol tasa jaisteko eskaria, eta Barne Ministerioak bere egin du eskakizuna.
Grande-Marlaskak gaur emandako datuen arabera, Espainiako Estatuan izaten diren istripuen erdietan baino gehiagotan zuzeneko eragina dute alkoholak edota drogak. Horrez gain, uste du gizartea heldua dela iragarritako aldaketa onartzeko.
DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzak baimendutako alkohol tasak jaisteko egindako azken proposamenak gidari profesionalei eta hasiberriei solik eragiten zien.