Kataluniako eztabaida
Rubalcabak Konstituzioa aldatzea eskatu du, Estatu federala helbu
Erredakzioa
PSOEko idazkari nagusiaren esanetan, Konstituzioa ez da "ukiezina".
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak Konstituzioa erreformatzea proposatu du, estatu eredua federala izan dadin. Izan ere, horren ustez, "haustura" sortu da Kataluniaren eta Espainiaren artean, eta horri "konponbide politikoa" eman behar zaio.
Rubalcabaren esanetan, eredu autonomikoa "zuzendu" egin behar da, funtzionalagoa egiteko eta federalismoaren bidean aurrera egiteko. "Eredu federala Konstituzioarekin bateragarria ez bada, Konstituzioa aldatu egin beharko da, ez baita ukiezina", gaineratu du.
"Akordio konstituzionala, hori izan beharko litzateke ukiezina, hori da gakoa, ados jartzea", nabarmendu du Rubalcabak, Ser irrati katean egindako elkarrizketan. Horregatik, jarrera argitzeko eta Espainiarekin lotura hautsi nahi duen azaltzeko eskatu dio Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidenteari.
Elkarrizketan, PSCk autodeterminazio eskubidea babestuko duen galdetu diote, eta horrek alderdiak ez duela "independentzia" nahi erantzun du.
Juan Carlos erregeak joan den astean publikatutako gutunari dagokionez (Kataluniaren independentzia "ameskeria" dela esan zuen), Rubalcabak "errespetua" agertu du.