IKASTURTE POLITIKO BERRIA
Gure Eskuk, autogobernu ponentziari buruz: "Herri gisa ditugun eskubideak aitortzea lehentasunezko gaia da"
AGENTZIAK | EITB MEDIA
"Erabakimen handiagoa behar dugu, estatuei begira izan ditzakegun harremanetan, geure lurraldeen arteko harremanak ardazteko zein gure bizitzako alor guztiei eragiten dieten erabakiak bertan hartzeko", adierazi du plataformak.
Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformaren arabera, "arduraz jokatzeko unea da, herri gisa aitortua izan eta gure etorkizunaren jabe izatea dago jokoan", azken asteotan autogobernu ponentziari buruz ireki den eztaibaidari erreferentzia eginez esan duenez.
Ohar batean, Gure Eskuk ziurtatu du arreta eta ardura handiz jarraituko dituela "datozen hilabeteetan" euskal autogobernuarekin lotuta emango diren pausoak; "izan ere, gure ustez, herri honetan bada gehiengo subiranista bat, herri gisa aitortua izan nahi duena eta bere eskubideen jabe izan nahi duena, erabakitzeko eskubidea barne".
Testuinguru horretan, "herri gisa ditugun eskubideak aitortzea lehentasunezko gaia da etorkizunean dauzkagun erronkei aurre egiteko", dio oharrak. "Arduraz jokatzeko unea dela uste dugu, gure etorkizunaren jabe izatea dago jokoan", gaineratu du plataformak.
Hain zuzen ere, estatus politikoa izan dute hizpide euskal legebiltzarkideek gaur goizean Radio Euskadin, irrati urte honetako "Parlamento en las Ondas" irratsaioaren lehen emanaldian.