Itxi

Autogobernua

Eusko Jaurlaritza "barne-lanean" hasi da Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa eskualdatzeko

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Batzordearen aurrean, legealdirako helburuen berri emateko.

Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua. Argazkia: EFE

Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak aurreratu duenez, dagoeneko hasi dira "barne-lanean" Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketa tranfertizeko. Gainera, "Euskadirentzako estatutu-itun berri baten" alde egin du sailburuak, eta Saila talde politikoei "prozesu horretan laguntzeko" prest agertu da.

Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordeak sailburuaren agerraldia hartu du gaur, berak hala eskatuta, Sailak XIII. legealdirako aurreikusitako konpromisoen, helburuen eta jarduera-ildo nagusien berri emateko.

Bere hitzaldian, sailburuak azpimarratu du beharrezkoa dela "autogobernua defendatzea, zabaltzea eta hobetzea", eta adierazi du hori izango dela "Sailaren lehentasuna legealdi honetan".

Ildo horretan, "Gernikako Estatutua osorik betetzeko eta oraindik transferitu gabe dauden eskumenak lortzeko" konpromisoa hartu du, eta, bestalde, "Euskadirentzako Estatutu Itun berri baten" alde egin du.

Onartu du "estatus berri" hori "Legebiltzarrari adostea eta ixtea" dagokiola, eta sailburua "prozesu horretan laguntzeko" prest agertu da.

"Eskumenen sistema desblokeatzeko elkarrizketa eta akordiorako borondatea" bultzatzearen alde egin du Ubarretxenak, eta "Eusko Jaurlaritzak transferitzeke dauden eskumenak identifikatuta ditu, eta Estatuko Gobernuak onartu egin ditu", azaldu duenez.

"Transferitutako eskumenak judizializatzea saihestu nahi dugu. Ez dugu atzerapausorik onartuko, eta Gernikako Estatutua osorik betetzeko transferitu gabe dauden eskumenak gauzatuko ditugu", nabarmendu du.

Horren harira, jakinarazi du lanean ari direla Aldebiko Lankidetza Batzordea urria amaitu baino lehen bildu dadin.

Zehaztu duenez, 29 eskumen daude oraindik transferitzeke, eta horietatik sei "aurreratuago" daude, dagoeneko Espainiako Gobernuari bidali zaion testu bat baitago.