Itxi

ESTATUS BERRIA

Atutxak ohartarazi dio Anduezari ez duela "beto eskubiderik" estatus berriaren eztabaidan

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Buruzagi jeltzaleak baieztatu du urrian hasiko dituela Andoni Ortuzarrek estatu berriaren inguruko batzarrak gainerako alderdiekin. "Akordiotara iritsi behar dugu", esan du, Anduezaren jarreran "malgutasunik ez" ikusi arren.

Itxaso Atutxa, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Estatus berriaren inguruan "akordio zabala" lortzea dela helburua esan du Itxaso Atutxa BBBko presidenteak, eta asmo horrekin ekingo dio bere alderdiak gaia lantzeko iragarri duen bilera-errondari. Zentzu horretan, Eneko Andueza PSE-EEko presidenteari zuzendu zaio, eta ez duela "beto eskubiderik" ohartarazi dio. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente sozialistak EAJrekin "izenpetutako itunak irakurtzeko" eskatu dio.

Onda Vasca hedabidean egin dioten elkarrizketan, Atutxak berretsi du urrian hasiko duela erronda Andoni Ortuzar EAJko presidenteak. Bere hitzetan, aurreko legealdian, Eusko Legebiltzarrean "lan asko" egin zen estatus berriaren inguruan, eta hori "oso baliagarria" izango da eztabaidari berrekiteko.

Anduezak "argi" hitz egiteko eskatu zien jeltzaleei,  "estatutu" edo "estatus" hitzak nahasten ari direlakoan. Atutxak erantzun dio erabakia "herriak" hartuko duela, "Legebiltzarraren gehiengoak, eta ez Eneko Anduezak".

"Akordiotara iritsi behar dugu", esan du BBBko presidenteak. Aitortu du PSE-EEren jarreran ez duela "malgutasunik" ikusten.