Katalunia
Puigdemont atxilotu ez zutela eta, deliturik ote dagoen ikertzeko eskatu die Llarenak Bartzelonako epaitegiei
Agentziak | EITB MEDIA
Auzitegi Goreneko epaileak ez du eskumenik gertatutakoa ikertzeko, eta Kataluniako presidente ohia atxilo hartzeko "oztoporik" ez zegoela argudiatuta, auzia Bartzelonako epaitegien esku utzi du.
Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohi eta Juntseko buruzagiak Bartzelonan egindako sartu-irtena (ez zuten atxilotu, agindua zegoen arren) ikertzeko polizia txostenak bidali dizkie gaur Bartzelonako epaitegiei Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak. Puigdemonten bigarren ihesaldiaren atzean hainbat delitu egon daitezkeela uste du Llarenak, eta horiek aztertzeko deia egin die Kataluniako kideei.
Magistratuak ez du gertakariok ikertzeko eskumenik, baina uste du ezin direla baztertu delituak jazartzeko betebeharra ez bete izana edo estaltze delitua.
Gaur kaleratutako ebazpenean dioenez, polizia txostenetan "ez da ageri atxiloketa egiteko oztoporik zegoenik", eta Puigdemont Catalunya plazara joan zeneko unea aipatzen du (ondoren, hitzaldi labur bat eman zuen).
Gerora ere, epaileak ez du uste "ezinezkoa" zenik Kataluniatik atera baino lehen buruzagia jarraitu eta atzematea.