Itxi

VENEZUELA

Venezuelan atxilotuta dauden bilbotarren kasuan "diskrezioa" eskatu du Garmendiak

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Venezuelako Gobernuak bi atxilotuak dituen lekuaren inguruan ez duela adierazpenik egingo esan du, haien kokalekuaz ez dagoelako une honetan "baieztatutako informaziorik".

Marisol Garmendia, artxiboko irudi batean.

Venezuelan atxilotuta dauden bilbotarren kasuan "diskrezioa" eta "zuhurtzia" eskatu ditu Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak. Horren hitzetan, zuhur jokatzea ezinbestekoa da, "dena ondo joan dadin".

Bilbon egin ditu adierazpenok, Polizia Nazionalaren ekitaldi batean. Esan duenez, Espainiako Gobernuak eskura duen informazioa jakitera eman du dagoeneko, eta "ez dago beste nobedaderik, oraingoz".

Jose Maria Basoa eta Andres Martinez bi atxilotuen familiei hedabideen aurrean adierazpenik ez egiteko eskatu zaien galdetuta, Garmendiak erantzun du "zuhurtzia kontua" dela, halako egoeretan diskrezioz jokatzea komeni baita. Familiekin etengabe daudela hartu-emanetan ziurtatu du.

Venezuelako Gobernuak atxilotuak dituen lekuaren inguruan ez duela adierazpenik egingo esan du, haien kokalekuaz ez dagoelako une honetan "baieztatutako informaziorik".

"Atzerri Gaietarako Ministerioa ari da operazioa gidatzen eta Albares ministroak eman ditu jada Senatuan eman beharreko azalpen guztiak", erantsi du.