EH BILDUREN KONFERENTZIA
Otegi: "Euskal herritarren nahi eta borondatea errespetatuz, akordio zabalak egin behar dira Euskal Herrian"
AGENTZIAK | EITB MEDIA
EH Bilduko militanteek aho batez babestu dute Mahai Politikoak Kongresua egiteko prozesua garatzeko egin duen araudi proposamena. 2025eko otsailaren 8an amaituko da prozesua.
Euskal Herria Bilduk Konferentzia Politikoa egin du gaur Donostian, Tabakaleran, urte politikorako ildo politiko eta estrategikoak azaltzeko, eta koalizio subiranistaren III. Kongresua izango denaren araudia onartu dute, aho batez. 2025eko otsailaren 25ean amaituko da prozesua, koordinatzaile orokorra izendatuta. Aurreikuspenen arabera, Arnaldo Otegi berretsiko dute postuan.
Alderdiko kargu eta militanteen aurrean egindako hitzaldian, Otegik adierazi du autonomien ereduak "porrot" egin duela, eta dei egin du Estatuarekin "akordio berri bat" egitera, "amaitu delako guztiontzako kafearen eredua". Gainera, EH Bilduren "arrakasta" goraipatu du, gero eta jende gehiagok bat egiten duelako proiektuarekin, eta "Gobernu zein Estatu alternatiba" badagoela defendatu du.
"Euskal Herriaren eta Estatuaren arteko harreman autonomikoak porrot egin du. Ez betetzeen gainetik, gure potentziala mugatu duten legeen gainetik, amaitu da guztiontzako kafearen eredua. Eredu autonomikoak ez ditu gure herriak dituen anbizio nazional eta sozialak asetzen", esan du, eta proposamen bat egin du: "Euskal herritarren nahia eta borondatea errespetatuz, akordio zabalak egin behar dira Euskal Herrian. Akordio zabala behar dugu herri honetan, baina akordio horrek herritarren borondateari errespetua zor dio. Euskal Herria nazioa da, eta errespetua zor zaio".
Politika neoliberalak gainditu
Koordinatzaile nagusiaren esanetan, "EH Bildu arrakasta politikoaren historia da", gero eta jende gehiagoren babesa duelako: "Euskal Herrian gero eta jende gehiagok bat egiten du gure proiektu politikoarekin. Horrek arduraz betetzen gaitu. Horrek apaltasunez hitz egitera ere behartzen gaitu; 'EH Bildu estiloa' mantentzera ere bai. Hori jarrera politiko sakon bat da. Adierazpen politiko batzuk entzunda, zaila egiten da estilo hori mantentzea. Euskal Herriak benetako eztabaida politiko handia merezi du, ez fribolitatea, lokatza eta zarata" defendatu du.
EH Bilduren Kongresua ez dela "ariketa autokonplazientea" izango ere esan du Otegik. "Anbizioarekin egindako proposamenak aurkeztuko ditugu eta gobernu alternatiba garela eta estatu bokazioa duen mugimendua dela erakutsiko dugu. Inportanteena da ez sigla, inportanteena herria da. Gu tresna bat baino ez gara. Ahalik eta zabalena eta eraginkorrena izan behar da gure mugimendua", nabarmendu du.
"Politika neoliberalek porrot egiten dute munduan, Europan eta Euskal Herrian, eta zerbitzu publikoen, gure bizitzaren eta gure balioen gainbehera ekarri dute", adierazi du. Hala, "EH Bilduk uste du Euskal Herriak zerbitzu publiko duinak izatea merezi duela, aldaketa politikoaren kontrako politikak eraginkorrak izatea, genero arrakala gainditzea, eta aberastasuna banatu nahi bada, horrek halabeharrez eskatzen du politika neoliberalak gainditzea. Horrek eskatzen du sektore publikoaren lidergoarekin egitea politika publikoak", azpimarratu du.