Itxi

PP-REN URTE HASIERA

"Espainiarekiko hausturak kalte egiten die autonomia erkidegoei", De Andresen esanetan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Euskadiko PPko buruak eta Kataluniako PPko buruak Belaunaldi Berrien ekitaldi batean parte hartu dute Bilbon, eta gogor kritikatu dute abertzaleen kudeaketa eredua.

PPren belaunaldi berrien ekitaldia Bilbon. Argazkia: EFE

Euskadiko Alderdi Popularrak urte politikoa abiatzeko ekitaldia egin du larunbat honetan Bilbon, alderdiko gazteekin batera eta Alejandro Fernandez Kataluniako PPko presidentea, gonbidatu gisa, bertan zegoela.

Javier De Andres Euskadiko popularren presidentearen hitzetan, "nazionalismoa eta autogobernua ez dira ongizatearen sinonimoak". Izan ere, horren ustez, Euskal Autonomia Erkidegoa "gero eta okerrago dago, adibidez, osasun eta etxebizitza alorretan, eta gazteek oso zail dute etxetik joateko".

De Andresek salatu duenez, EAJk 40 urte daramatza "autogobernu handiagoa ongizate handiagoa dela esanez", baina arazoak ikusita "frogatuta geratu da ez dela Estatutuaren eta autogobernuaren errua, oso gaizki kudeatu dutenena baizik", esan du.

De Andresen iritzian, "ez da kasualitatea" Euskadiko eta Kataluniako gobernuen kudeaketa txarra. "CiU, ERC, Junts eta EAJko nazionalistek Espainiako gainerako herrialdeekin duten hausturagatik eta bereizketagatik" gertatzen da hori, horren esanetan. "Nazionalistek badakite Espainiatik banantzea kaltegarria dela euren erkidegoentzat, merkatua, talentua eta inbertsioak galtzen dituztelako, baina aurrera jarraitzen dute eraikuntza nazionala lehenetsiz", argudiatu du.

Ildo berean hitz egin du Alejandro Fernandez Kataluniako PPko presidenteak ere. "Nazionalismoa erabat ankerra da moralari eta etikari dagokienez, herritar onak eta txarrak bereizten dituelako eta nortasunaren araberako pribilegioak sortzen dituelako", baina "kudeaketan ere porrot" egin dutela gaineratu du.

"Negargarri gobernatzen dute, Euskadikoa eta Kataluniakoa bezalako gizarte oparoak dekadente bihurtu dituzte. Ez Katalunia ez Euskadi ez dira jada liderrak, PPk gobernatzen dituen beste erkidego batzuk ekonomiaren edo hezkuntzaren buru diren bitartean", adierazi du.

Kataluniako popularren buruak, azkenik, PPk azken hauteskundeetan bai Euskadin bai Katalunian izan duen gorakada nabarmen du, eta hori albiste ona dela esan du.