Itxi

Katalunia

Junquerasek ERC "erreskatatzeko" konpromisoa hartu du, eta Rovirari "traizioa" leporatu dio

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

ERCren presidente izan zenak esan du "lotsa" sentitu duela alderdian "organo paraleloak" egon direlako, eta iragarri du Alemany izango dela bere idazkari nagusia.

Junqueras, hautagaitzaren aurkezpenean. Argazkia: EFE

Oriol Junqueras ERCren presidente izateko hautagaiak alderdia "erreskatatzeko" konpromisoa hartu du, Elisenda Alemany aldamenean zuela, eta Marta Rovira idazkari nagusiaren sektoreari kritika gogorrak egin dizkio, "B egitura" baten bitartez alderdiaren printzipioak urratu dituelakoan.

Montserrateko Teatre de la Passio d'Olesan egin ditu adierazpen horiek Junquerasek, Militancia Decidim hautagaitzaren aurkezpenean, Raul Romeva eta Diana Riba eurodiputatuaren eta beste 1.300 militanteren babesean.

Duela hilabete batzuk arte ERCren presidente zenak esan du "lotsa" sentitu duela alderdian "organo paraleloak" egon direlako, eta Ernest eta Pasqual Maragall anaien aurkako kartelen kanpaina antolatu zuen "B egitura" jarri du horren adibide.

ERCren presidentegaiak iragarri du Elisenda Alamany, egun Bartzelonako Udalean ERCren buru dena, izango dela bere idazkari nagusia.

Junquerasek esan du bere proiektua "oinarrian" jaio dela, eta helburua ERC "salbatzea eta erreskatatzea" dela, "berriro herriaren zerbitzura jartzeko". Hori horrela, "sekula kartelik jarri ez dutenen leziorik ez dut onartuko", azpimarratu du.

"Benetan" eskatu die barkamena alderdikideei, 2017ko abenduko Kataluniako hauteskundeetan, 155aren ondorengoetan, ez zutelako jakin "U-1ari eta U-3ari zegokien balioa ematen".

"Aukera, ardura eta betebeharra zuenak nahiago izan zuen beste gauza batzuetan aritu, nahiago izan zuen beste gauza batzuk komunikatu", gaitzetsi du.

Horren ostean, "B taldea" sortu izana salatu du, talde ofizialetik kanpo erabaki politikoak hartu zituelako, "zuzendaritza batzordetik eta kontseilu nazionaletatik kanpo".

Bestalde, Alemanyk berretsi du "berriro" iritsiko dela "ERCren unea", eta "herri honen diskurtso nazionala" nagusitzeko garaia.

"Ez gaude nahiko genukeen lekuan, badakigu, baina atzera egiten denean ez du ezertarako balio horretan zentratzeak. Politikoki eta antolakuntza aldetik prestatu beharra daukagu indartsuago egoteko: estrategia, indarra eta lidergo indartsu, ireki eta irabazlea berritu dadila", adierazi du.