Presoak
Euskal gatazkaren "behin betiko konponbidea" galdegingo du Sarek urtarrilaren 11ko manifestazioan
EITB Media
Urtea hastearekin bat, Bilbon egin ohi duen mobilizazioa aurkeztu du Sare herritarra plataformak.
Sare herritarra plataformak deituta, datorren urtarrilaren 11n egingo da urtero Bilboko kaleetan egin ohi den mobilizazio handia, "Behin betiko. Bakea. Konponbidea. Elkarbizitza" lemapean.
Gaur goizean Sarek Bilbon egin duen prentsaurrekoan azpimarratu dutenez, azken hamar urteetan konponbidearen, elkarbizitzaren eta bakearen aldeko lana egin dute, eta aurrerantzean ere horretan arituko dira, indarkeria eta sufrimendu urteek Euskal Herrian eragin dituen "ondorio guztietarako" konponbide "integral" bat lortu arte.
Helburu hori lortzeko, Sarek uste du "premiazkoa" dela irtenbidea ematea euskal preso, erbesteratu eta deportatuen gaiari eta "tratamendu justua" indarkerien "biktima guztiei".
Sareren arabera, ez da behin betiko konponbiderik izango euskal presoei ezartzen zaizkien "salbuespenak" eta "urratzen" zaizkien eskubideak konpondu gabe.
Halaber, behin betiko elkarbizitza "sendoa" eraikitzen laguntzeko bi gako nagusi aipatu ditu Sarek: batetik, deportatuen auzirako konponbidea lortzea; bestetik, "indarkeria guztien biktimei aitortza eta babesa ematea".
Horrez gain, Sareren iritziz, "garaia da bizitako konfrontazioaren emaitza diren bidegaberiazko egoerak ere gainditzeko". Horren esanetan, euskal gizarteak erakutsi du "posible dela askatasunean bizitzea eta aurrera egitea, ahaztu gabe baina gorrotoan tematu gabe". "Saren lanean segituko dugu agertoki hori lortzeko, eta bake justuaz hitz egiten oraindik uzten ez diguten korapiloak askatzen lagunduko dugu, hemendik aurrera ere", gaineratu dute.
Amaitzeko, askatasuna eta bestearekiko begirunea oinarri izango dituen elkarbizitza eta behin betiko bakea lortzea euskal gizartean lortu beharreko "gutxienekoa" direla nabarmendu du Sarek.