GIPUZKOAKO BATZAR NAGUSIAK
EAJk eta EH Bilduk bat egin dute erabakitzeko eskubidearen eta Estatuarekin bitariko harremanaren defentsan
EITB MEDIA
Gai horien inguruko bi erdibideko mozio aurkeztu dituzte talde abertzaleek. PSE-EEk eta PPk kontra bozkatu dute, eta Elkarrekin Podemos abstenitu egin da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
EAJren eta EH Bilduren Gipuzkoako Batzar Nagusietako taldeek bat egin dute euskal herritarren erabakitzeko eskubidearen eta Estatuarekin aldebikotasun harremanaren alde egitean. Bi erdibideko moziotan —Euskal Autogobernuaren ingurukoa eta Euskadiren eta Espainiako Estatuaren arteko harreman-estatus politiko berriaren ingurukoa— bildu eta adostu dituzte gaiaren inguruko euren eskariak. Aldeko 39 botorekin, aurrera egin dute mozioek. PSE-EEk eta PPk, berriz, kontra bozkatu dute (10 boto), eta Elkarrekin Podemos abstenitu egin da (2 boto).
Politika Orokorreko Eztabaidaren bigarren saioa egin dute gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta onartu da "Euskal Herriaren eskubide historikoak erabat gauzatzea" eskatzen duen testua eta, baita, elkar nazio gisa aitortuko duen Estatuarekin aldebiko harreman berria eraikitzea aldarrikatzen duena.
Bere hitzaldian, Ianko Gamboa EAJko batzarkideak EH Bildurekin autogobernuaz eta estatus berriaz itxitako akordioa nabarmendu du. Esan duenez, "Euskadi da euskaldunon aberria, eta gure izaera politikoaren erabakitzaileak bakarrik euskal herritarrok izan beharko genuke". Bide horretan, ezinbestekotzat jo du Gernikako Estatutua "osorik" betetzea eta eskualdatzeke dauden eskumenak berehala Eusko Jaurlaritzaren esku uztea, euskaldunen eskubide politikoak, sozialak, ekonomikoak, kulturalak eta hizkuntzari dagozkionak bermatzeko.
Ildo beretik mintzatu da Estitxu Elduaien EH Bilduko batzarkidea ere. Euskal Herria nazio gisa aitortzea "ezinbestekoa" dela esan du, "herri gisa aurrera egiteko". "Pozten gara Batzar Nagusi hauetako bi talde handienak, Gipuzkoako herritarren hiru laurdenak ordezkatzen dituztenak, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea aitortua izan dadin aldarrikatzea", erantsi du.
Bere aldetik, Arritxu Marañon PSE-EEko kideak oso garbi esan du bere alderdiak "estatutu berriari bai", baina "estatus berriari ez" esango diola. Gernikako Estatutua betetzea defendatu du, baina beti, erantsi du, "legeak ezarritakoa beteta". "Ez du balio gobernatzeko eta egonkortasuna izateko gehiengo bat eskatzea, eta ondoren beste gehiengo bat bilatzea identitatearekin lotutako gaietarako", salatu du.
Elkarrekin Podemoseko Miren Echeveste abstenitu egin bada ere, erabakitzeko eskubidearen alde agertu da. Adierazi duenez, erabakitzeko eskubideak "demokrazian sakontzea" esan nahi du. Alderdi morea "herriak hitz egitearen alde" egon dela beti azpimarratu du.
Azkenik, Mikel Lezama PPren eledunak EAJri eta EH Bilduri eskatu die ez dezatela eraman Gipuzkoa "bide anakroniko" batetik. Lurraldearen "aniztasuna" errespetatzeko eskatu die.