Memoria
Alderdiek agerian utzi dituzte memoria arloan dituzten desadostasunak, Gogora Institutuan
AGENTZIAK | EITB Media
Memoria Institutuko Zuzendaritzan Estatuko biktimak "diskriminatzea" egotzi die EH Bilduk EAJri eta PSE-EEri.
Osakidetzaren inguruan alderdiek jarrerak hurbildu dituzten arren, memoriaren arloan asko dira oraindik desadostasunak, Gogora Institutuaren Zuzendaritzako kideen izendapenean ikusi berri denez.
Eusko Legebiltzarreko Justizia eta Giza Eskubide Batzordeak alderdien hautagaiak bozkatu ditu gaur, Gogoraren Zuzendaritza Kontseiluan bost aditu independente izendatzeko.
Sei hautagai zeuden (EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk bina aurkeztu dituzte), eta bozketaren ostean, kanpo geratu dena Pilar Garaialde Triple A eskuin muturreko taldeak hildako taxista baten alaba izan da.
Pilar Garaialderen adierazpenak hemen ikusgai. Gogoraren zuzendaritza kontseilutik baztertua izan ondore. "Zergaitik baztertu dezuten Estatuaren bortxaren biktimen ordezkaritza bakarra?"#GogoraDiskriminaziorikEz pic.twitter.com/kCkq6D4V3C
— Egiari Zor Fundazioa (@EgiariZor) September 25, 2024
Hori horrela, koalizio subiranistak Garaialderen hautagaitza babestu ez izana eta "Estatuaren biktimak berriz ere diskriminatzea" egotzi die jeltzaleei eta sozialistei. Gainera, EH Bilduk institutuan parte hartu edo ez aztertuko duela aurreratu du Julen Arzuaga legebiltzarkideak.
Horren aburuz, Garaialde kanpo geratu izana "memoria arloan hartzen ari diren erabakien norabide okerraren seinale" da. Egungo legegintzaldian, PSE-EEren esku daude memoria politikak.
«Pilar Garaialde Gogoratik kanpo uzteko EAJ-PSEren erabakia oso larria da, iraingarria Estatuaren biktima guztientzat. Ez du bizikidetza sustatzen».
— EH Bildu Legebiltzarra (@ehbildu_legebil) September 25, 2024
«Estatuaren biktimak hiru aldiz dira biktima: bortizkeriaren, inpunitatearen eta diskriminazioaren biktima».
¿¿ @julenaretakoa pic.twitter.com/MZYJR02zAR
Zuzendaritzako kideak
Bozketaren ostean, pertsona hauek osatuko dute Gogora Institutuaren Zuzendaritza Kontseilua:
- Maria Jauregui, ETAk hildako Juan Maria Jauregui zenaren alaba (EAJk proposatuta)
- Eider Landaberea ikerlari eta historialaria (EAJk proposatuta)
- Josu Elespe, ETAk hildako Froilan Elespe zinegotzi sozialista zenaren semea (PSEk proposatuta)
- Jose Antonio Perez historialaria (PSEk proposatuta)
- Paco Etxeberria antropologo eta auzitegi-medikua (EH Bilduk proposatuta)
EAJren eta PSE-EEren erantzunak
EH Bilduren kritiken ostean, EAJk adierazi du EH Bilduren bi hautagaietako bat besterik ez babestea erabaki duela, "aurreko legegintzaldian Gogora Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluko kide ziren pertsonak izendatzeko akordio bat zegoelako taldeekin".
"Gobernu-akordioa dugun taldeek izendatutako 5 pertsona izendatu genitzakeen, baina EH Bilduk proposatutako pertsona bati botoa ematea erabaki dugu", gaineratu du.
Era berean, PSE-EEk nabarmendu du EH Bilduk bazekiela Jaurlaritzako alderdiek 5 kideetako 4 izendatu nahi zituztela, eta koalizio abertzaleari eskaini ziotela haren bi hautagaietako zein babestea erabakitzea.
Horrenbestez, sozialistek gaitzetsi egin dute Arzuagaren "jarrera", eta "egia ez den errelato bat modu alderdikoian erabiltzea" leporatu diote.