Itxi

XIII. legealdia

Pradalesek bere "herri ikuspegia" defendatu du, EH Bilduk haren "lidergoa" zalantzan jarri ostean

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Lehendakariak oposizioburuari erantzun dio bere hitzak entzunda ematen duela soilik EH Bilduk edo Otxandianok berak dutela herri ikuspegia.

Imanol Pradales eta Pello Otxandiano

Eusko Legebiltzarrak XIII. legealdiko lehen kontrol saioari ekin dio 09:30 jota. Imanol Pradales lehendakaria eta Pello Otxandiano oposizioburua lehendabizikoz izan dira aurrez aurre gaurko saioan. Hain zuzen ere, hainbestetan aipatzen duen "herri ikuspegiaz" galdetu dio Otxandianok Pradalesi, eta honek erantzun dio horri buruz jardutean "herri honen etorkizunaz —bere ezaugarri sozial, politiko zein ekonomikoekin—" ari dela. "Gobernu bezala ikuspegi hori aintzat hartzen dugun galdetzen ari bazara, baiezko borobil batekin erantzuten dizut", esan dio.

Horren harian, Pradalesek azpimarratu du sekretu bakarra dagoela gure inguruan gertatzen ari denaz jabetzeko. "Begiak zabaldu behar ditugu, eta denon artean ibilbide partekatu bat landu; hori da lehendakari moduan dudan erronka, eta espero dut zure alderdia ere horretan inplikatzea. Aukera, behintzat, izango duzue, bai hitzez eta baita ekintzez ere", argitu dio.

Otxandianok, bere aldetik, "lidergo falta" egotzi dio. "Erronka handiak ditugu, eta zentzu komunitarioa ez badugu indartzen, zaila izango da horiei aurre egitea. Horretarako, nazio ikuspegia eta lehendakariaren lidergo instituzionala behar ditugu. Nekez egin diezaiokegu horri aurre gure sistema konstituzionalaren koherentzia bermatzen ez badugu, horrek emango baitigu behar dugun eraginkortasun instituzionala", erantsi du. Labur esanda, lidergo sendo bat aldarrikatu du, "herri ikuspegi irmo bat garatzeko bidean".

Gobernuak erabakiak hartzeko orduan herri ikuspegia aplikatzen duela defendatu du Pradalesek, berriro hitza hartuta. "Hori da gure betebeharra, eta hasieratik erakutsi dugu gizartea eragile aktiboa izan behar dela", nabarmendu du.

Honakoa esanda eman du bukatutzat eztabaida lehendakariak: "Zure hitzak entzunda, ematen du zure alderdiak soilik duela herri ikuspegia edo agian zu zeu soilik zarela".

Albisteak (1)