Alderdi eguna
Ortuzar: "Aukera hau balia dezagun eta ekar dezagun Euskadira autogobernurako etorkizun berria"
eitb media
EBBren presidenteak hasiera eman dio barne-berritze prozesuari martxoaren 29ko eta 30eko Batzar Nagusira eramango duen egutegia aurkeztuta, eta parte hartzeko deia egin die militanteei.
Antoni Ortuzar EAJren Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak esan du EAEn eta Espainiako Estatuan dagoen egoera politikoa "aukera" dela "Euskadira autogobernu berria ekartzeko" eta "etorkizun politiko berrirako bidea egiteko". Ideia horixe azpimarratu du EAJren buruak 48. Alderdi Egunaren ospakizunean, Forondako zelaietan, martxoaren 29ko eta 30eko Batzar Nagusian amaituko den barne-berritze prozesuaren egutegia aurkeztu ostean. Prozesuan parte hartzeko deia egin die militanteei.
Autogobernuari dagokionez, "urte askoan lehen aldiz, euskal politikarien gehiengoa, euskal eragile politikoak, Madrilen gehiengoa duten aktore politikoekin bat datoz. Hori da aukera. Aprobetxa dezagun. Ekar dezagun Euskadira autogobernurako beste aukera bat. EAJk bere onena emango du ahalegin horretan", adierazi du.
Ortuzarrek esan du alderdi politiko guztiekin hitz egiteko asmoa dutela, eta hasteko, gobernukide diren PSE-EEkoekin. Horiei gogorarazi behar omen die Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin sinatu zuten inbestidura akordioan agertzen dena, hau da, autogobernu berri bat negoziatzeko eta onartzeko konpromisoa dutela Espainiako Gobernuarekin.
EH Bilduren kasuan, jeltzaleen "norabidea markatu nahian" dabilela kritikatu du, eta "eurek proposatzen dutena oraindik inork ere ez daki", erantsi du. Gainera, Gernikako Estatutuan "sekula ez dute sinetsi", horren hitzetan, eta, are gehiago, "Madrilek beste narriatu dute".
Barne-berritze prozesuaren harira, Ortuzarrek alderdikideen eskura jarri ditu martxoaren 29an eta 30ean Donostian egingo den IX. Batzar Nagusiaren xehetasunak, barne-prozesuaren egutegia, alegia. Prozesuan parte hartzeko deia egin die militanteei, "aldatu behar den guztia aldatzeko eta mantendu behar den guztia mantentzeko". Era berean, "kritikari eta autokritikari ihes ez egiteko" eskatu die bertan bildutakoei. Bere etorkizunaz, hauxe esan die alderdikideei: "Mitina amaitzen denean, ez egin kazetariek egiten dutena eta nik zer egingo dudan galdetu; galde iezaiozue zeuen buruari zeuok zer egin behar duzuen".
Ortuzarren aurretik Imanol Pradales lehendakariak hartu du hitza, eta Jose Antonio Ardanza lehendakaria izan dute gogoan, bere heriotzatik hilabete batzuk igaro direnean.
Gracianne Mirandek, Ipar Buru Batzarraren ordezkariak, "batasunerako deia" egin du Euskadi "aske eta burujabea" eraikitzeko, eta etorkizunera begira identifikatzen dituen "hiru erronka" aipatu ditu: nazio eraikuntza, trantsizio ekologikoa Europaren baitan eta euskara.
Olatz Arresek, Euzko Gaztedi-EGI erakundeko alderdikideak, gazte erakunde horren 120 urteen balioa aldarrikatu du, "indarrean eta zutik jarraitzen baitu".