EH Bildu
EH Bilduk mobilizazio nazionala deitu du azaroaren 23an, Bilbon, Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzeko
EITB Media
Espainiako Estatuan irekitzear den "arazo nazionalen" eta "lurralde ereduaren" inguruko eztabaida baliatu behar dela nabarmendu du Arnaldo Otegik.
EH Bilduk mobilizazio nazionala egingo du datorren azaroaren 23an Bilbon, Nazioa gara lelopean, Euskal Herriari nazio gisa zor zaion errespetua aldarrikatzeko.
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak gaur goizean Donostian egin duen prentsaurrekoan azaldu duenez, Espainiako Estatuan "arazo nazionalen", "lurralde ereduaren" eta "nazio aniztasunaren" inguruan irekitzear den eztabaida baliatu egin behar da.
"Euskal Herria nazioa da, eskubideak dituena, eta orain dugu aukera, akordio zabalekin eta herri mobilizazioaren bitartez, nazio hau aitortuko duen estatus politiko berri bat lortzekoa", adierazi du Otegik.
EH Bilduko koordinatzaileak argi utzi nahi izan du ez dela gauza bera "78tik datorren lurralde eredua, non erkidego autonomikoen eta Estatuaren arteko harremanari buruz hitz egiten den" edota "nazio baten eta Estatu baten arteko harremanaz hitz egiten duen eredua". Horrek "erabat aldatzen du status quoa", esan du.
"EH Bilduk aspalditik dio kontra egin behar zaiola eskuin muturrari, baina horrek soilik ez duela balio. Demokratizaziorako agenda komun bat ere jarri behar da martxan, ezkerreko politikak aktibatu behar dira, eta horretarako nazioen aitortza ere ezinbestekoa da. Eredu territoriala eta politikoa aldatzen du horrek eta baita estatuarekin dagoen harremana ere. Bide bat hasten ari gara Euskal Herrian, baina agerian dago mahai gainean gure eskubide nazionalen eztabaida dagoela. Aprobetxatu behar da garai hau", hausnartu du.
Era bereran, eztabaida ezin dela soilik alderdien artean egin adierazi du, eta "herriaren, eragileen… parte-hartzea ezinbestekoa" dela, sindikatuak, unibertsitateak, enpresa elkarteak etab. aipatuz.