Itxi

EITB FOCUS

Herritarrek ontzat eman dute Pradalesen jarduna, Jaurlaritzara heldu eta 100 egunera

IKER GOMEZ | EITB Media

EITB Focus inkestaren arabera, alderdi guztietako boto-emaileek 5etik gorako nota jarri diote Pradales lehendakariak egindako lanari, bataz beste.

EITB FOCUS

Ehun eguneko jardunaren ondoren, EAEko herritarrek Imanol Pradalesen kudeaketari 10etik 5,99ko nota jarri diote. 2024ko iraileko EITB Focus inkestaren arabera,  hamar pertsonatik seik 5 eta 10 arteko nota eman diote Eusko Jaurlaritza berriari. Horrez gain, inkestatuen lautik batek nahiago izan du Jaurlaritzaren lana ez puntuatzea.

Inkestatuen bizilekua kontuan hartuta, bizkaitarrak izan dira Jaurlaritzari puntuazio onena eman diotenak, batez beste 6,24ko nota, hain zuzen ere. Ondoren gipuzkoarrak doaz, 5,79ko notarekin, eta arabarrak, 5,51eko puntuazioarekin.

Adinaren arabera, 65 urtetik gorakoak dira Pradales lehendakariaren eta haren gobernu-taldearen lanari nota altuena eman diotenak (6,84).

Bitxia bada ere, alderdi guztietako boto-emaileek 5etik gorako nota eman diote Eusko Jaurlaritza berriak egindako lanari. EAJko boto-emaileek eman diote baloraziorik altuena Pradalesi (7,09), ondoren PSE-EEkoak agertzen dira, 6,74ko notarekin, eta PPkoak, 5,49ko puntuazioarekin. EH Bilduren boto-emaileek 5,18ko puntuazioa eman diote Pradalesen Gobernuak agintaldiko lehen ehun egunetan egindako lanari.

Koalizio gobernua

EITB Focus inkestak egungo koalizio-gobernuari buruz herritarrek duten ezagutza-maila ere aztertu du. Hala, hamar herritarretik zortzik badakite EAJk koalizioan gobernatzen duela, eta % 5,8k bakarrik diote jeltzaleek bakarrik kudeatzen dutela Jaurlaritza.

Gainera, jeltzaleen eta sozialisten arteko egungo koalizioarekiko asebetetze maila neurtuz, inkestatuek koalizio hori 5,58ko batez besteko notarekin puntuatu dute. Gainera, % 84,7k erantzun dute EAJ-PSE-EE itunak legegintzaldi osoan iraungo duela.

Politikoen ezagutza

EITB Focus

EAEko legebiltzarkideen ezagutzaz eta haien lanari buruzko balorazioaz galdetuta, ezagutza maila altua lortu du lehendakariak, nahiz eta duela urtebete baino gutxiago jakin herritarrek EAJren hautagai izendatu zutela. Gaur egun, hamar pertsonatik bederatzik diote Pradales ezagutzen dutela, eta baloraziorik altuena jaso du, hamarretik 6,2, nahiz eta hamar pertsonatik lauk nahiago izan lehendakariaren lanari nota ez jartzea.

Oposizioko buruari dagokionez, EH Bilduko Pello Otxandianok ezagutza maila handia lortu du, nahiz eta berea ere aurpegi berria izan. Galdetutakoen % 75ek ezagutzen dute, eta 6ko nota jarri diote inkestatuek.

Lortutako batez besteko notari begiratuta, bigarrena Joseba Diez Anxustegi EAJren Legebiltzarreko bozeramailea da, 6ko puntuazioa gainditu baitu (6,1). Kasu horretan, argitu behar da herritarrek Anxustegiri buruz duten ezagutza-maila gainerako bozeramaileena baino nabarmen txikiagoa dela ( % 29).

Eneko Andueza PSE-EEko buruak ere gainditu du (5), eta ezagutza maila altua lortu du, % 70etik gorakoa.

Jon Hernandez Sumarreko buruari 4,5eko nota eman diote herritarrek, eta Javier de Andres eta Amaia Martinez PPren eta Voxen bozeramaileek 2,9ko eta 1,1eko notak jaso dituzte, hurrenez hurren.

Boto-fideltasuna

Azkenik, EITB Focus inkestaren arabera, hauteskunde autonomikoak izan eta bost hilabetera, ez litzateke aldaketa esanguratsurik egongo boto-asmoan, eta fideltasun maila handia izango lukete alderdi guztiek, batez ere EAJri ( % 86k boto bera emango lukete berriro) eta EH Bilduri ( % 90ek botoa errepikatuko lukete) botoa eman ziotenen artean.

Metodologia

Bizitokia EAEn eta Nafarroan duten 1.600 pertsona elkarrizketatu dituzte EITB Focus inkesta egiteko (400 lurralde historiko bakoitzean eta 400 foru erkidegoan).

Galdeketak irailaren 19tik 27ra bitartean egin zituzten, telefonoz.

Datu, mikrodatu eta adierazle estatistiko guztiak Gardentasun atariko Open Data atalean izango dira kontsultagai.