Itxi

EITB FOCUS

Herritarrek 6ko nota jarri diote udalen kudeaketari, eta Asironek eta Aburtok puntuaziorik altuenak dituzte

IKER GOMEZ | EITB MEDIA

Joseba Asiron Iruñeko agintaria da alkateen artean notarik onena lortu duena. Iruñeko agintariak 6,3ko nota jaso du, Juan Mari Aburtok 6koa, Maider Etxebarriak 5,7koa eta Eneko Goiak 5,1ekoa.

EITB FOCUS

Hego Euskal Herriko biztanleek 10etik 6ko puntuazioa eman diote udalek egindako kudeaketari, EITB Focusen azken atalak jaso duenez. Hamarretik ia zortzik 5 eta 10 arteko puntuazioak eman dituzte euren udalaren kudeaketari buruz galdetu zaienean. 

Hiriburuei begiratuta, notarik altuena Bilbok lortu du: 6,29, batez beste. Ondoren, Iruñea (6,17), Gasteiz (5,73) eta Donostia (5,28) daude.

Bizilagunek alkateei buruz duten ezagutzari buruzko epigrafeari begiratuta, Eneko Goia Donostiako agintaria da ezagutza daturik altuena duena (% 93,2). Ondoren, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea ( % 93,2), Joseba Asiron Iruñeko alkatea ( % 91,2) eta Maider Etxebarria Gasteizko alkatea ( % 90,6) daude.

Baina auzokideek alkateei ematen dieten notari begiratzen badiogu, Joseba Asiron da puntuaziorik altuena lortu duena: 6,3, alegia. Balorazio altuena jaso duen bigarren alkatea Juan Mari Aburto da, Bilboko alkateak batez besteko 6 puntu lortu baititu. Gasteizko alkateak 5,7ko nota lortu du, eta Eneko Goia Donostiako alkateak, berriz, 5,1eko puntuazioa jaso du.

Metodologia

Bizitokia EAEn eta Nafarroan duten 1.600 pertsona elkarrizketatu dituzte EITB Focus inkesta egiteko (400 lurralde historiko bakoitzean eta 400 foru erkidegoan).

Galdeketak irailaren 19tik 27ra bitartean egin zituzten, telefonoz.

Datu, mikrodatu eta adierazle estatistiko guztiak Gardentasun atariko Open Data atalean izango dira kontsultagai.