EITB FOCUS
Foru Aldundiek egindako lanari 6,2ko puntuazioa eman diote EAEko biztanleek
IKER GOMEZ | EITB MEDIA
Lurraldeka, Bizkaia da notarik onena lortu duen Aldundia, 6,35. Atzetik, Gipuzkoa (5,95) eta Araba (5,90) daude.
EITB Focusek EAEko Foru Aldundiek egiten duten lanari buruz galdetu die euskal herritarrei. Batez beste, erakundeek 6,2ko nota lortu dute, eta inkestan hamar pertsonatik zortzik 5etik gorako puntuazioa eman diete Aldundiei.
Lurraldeka, Bizkaia da nota onena lortu duen Aldundia, 6,35. Atzetik, Gipuzkoa (5,95) eta Araba (5,90).
EAEko alderdi guztietako boto-emaileek, batez beste, foru erakundeek egiten duten lanari aprobatua eman diote. EAJren boto-emaileek (7,08), PPkoek (6,51) eta PSE-EEkoek (6,16) eman dituzte baloraziorik altuenak.
Bestalde, euren diputatu nagusia ezagutzen duten ala ez galdetu diete herritarrei.
Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezen kasuan, arabarren % 65,8k dio ezagutzen duela. Gipuzkoarren % 57,6k erantzun du Eider Mendoza diputatu nagusia ezagutzen duela. Azkenik, Elixabete Etxanobek, Bizkaiko ahaldun nagusiak, lortu du daturik txarrena, % 45,1eko ezagutza, hain zuzen ere.
Azkenik, diputatu nagusiei jarritako notari erreparatuta, Eider Mendozak eta Elixabete Etxanobek 6,4ko puntuazioa eskuratu dute. Ramiro Gonzalezek, atzetik, 5,9 puntu jaso ditu.
Metodologia
Bizitokia EAEn eta Nafarroan duten 1.600 pertsona elkarrizketatu dituzte EITB Focus inkesta egiteko (400 lurralde historiko bakoitzean eta 400 foru erkidegoan).
Galdeketak irailaren 19tik 27ra bitartean egin zituzten, telefonoz.
Datu, mikrodatu eta adierazle estatistiko guztiak Gardentasun atariko Open Data atalean izango dira kontsultagai.