Epaia
Mikel Albisuren eta Iñaki Graciaren kontra irekitako auziak artxibatu ditu Auzitegi Nazionalak
Agentziak | EITB Media
Marisol Iparragirreren aurkako auzia artxibatu ostean iritsi da epaia. Bi kasuetan Zigor Aretoak ebatzi du gertakariak preskribatuta daudela, Fiskaltzak eta akusatuen defentsek zioten moduan.
Marisol Iparragirrerekin egin zuen bezala, Miguel Angel Blancoren (1997an Ermuko zinegotzi zena) bahiketarekin eta hilketarekin lotuta Mikel Albisu Iriarteren, Mikel Antza, eta Iñaki de Gracia Arregiren, Iñaki de Rentería, aurka irekitako auziak artxibatzea erabaki du Auzitegi Nazionalak, preskribatuta daudela iritzita.
Zigor Aretoak beste epai bat eman du, Fiskaltzaren eta auzipetuen defentsek egindako eskaerak aintzat hartuta. Herri akusazioaren —PP, Dignidad y Justicia, Terrorismoaren Biktimen Elkartea eta Villacisneros Fundazioa— arabera, baina, auziak ez zeuden preskribatuta.
Auzitegi Nazionaleko magistratuen esanetan, Iparragirreren gaineko erabakia hartzeko erabili zituzten arrazoi berberak dituzte kasu honetan ere erabaki hori hartzeko.
Horrela, berretsi du gertatutakoa preskribatuta dagoela, 20 urte baino gehiago igaro zirelako delitua jazo zenetik kereila ezarri zutenera arte. "Hori da zigor legeak eta jurisprudentziak jasotzen dutena", erantsi du.