Itxi

Biktimen inguruko konferentzia

Pradalesek biktimek egindakoa goraipatu du eta "bakeari egindako ekarpena" eskertu die

Agentziak | EITB

Leer en Castellano

Terrorismoaren Biktimei buruzko Nazio Batuen Nazioarteko Konferentzian parte hartu du lehendakariak, eta azpimarratu du biktimak "urte gehiegitan hain bidegabeki isilaraziak" izan zirela. San Jose sailburuak biktimei dagozkien politika guztietan "entzutearen eta integratzearen" alde egin du.

Konferentziako familia-argazkia: EFE

Imanol Pradales lehendakariak biktimen eta haien familien papera nabarmendu du Terrorismoaren Biktimei buruzko Nazio Batuen Nazioarteko Konferentzian; izan ere, "urte gehiegitan hain bidegabeki isilaraziak" izan dira, "askotan, ostrazismora kondenatuak, eta batzuetan diskriminaziora ere bai".

Lehendakariak "bakeari egindako ekarpena" eskertu die, gaur eta bihar Gasteizen egiten ari diren konferentzian. "Haien eskuzabaltasuna izugarria izan da eta orain ere bada. Munduarekin partekatu beharreko eredu dira", azpimarratu du.

Egindako hitzaldian, lehendakariak gogora ekarri ditu ETAren atentatuak eta horiek babesten zituzten pertsonak. "Terrorismoarekin eta indarkeriarekin lotuta, egindako mina aitortzeko, barkamena eskatzeko, inoiz gertatu behar ez zena gaitzesteko eta erantzukizunak hartzeko betebeharra dago", gaineratu du.

Ildo horretan, nabarmendu du Euskadin lehentasuna dela "lau zutabetan oinarritutako bizikidetza-ereduan aurrera egitea: indarkeriaren deslegitimazioa, biktima guztien aintzatespen integrala, memoria inklusiboa, kritikoa eta etikoa eraikitzea, eta printzipio eta balio etiko eta demokratikoak defendatzea".

Lehendakariaren ustez, ezinbestekoa da gertatutakoa ez ahaztea, "eta ez baimentzea errelato partziala eraikitzea, terrorearen gaitza jasan zutenekiko justiziaren alde egin behar baita, eta gertatutakoa ezin delako errepikatu".

Pradalesek ohartarazi duenez, "ahanztura bidegabekeria da, eta informazio eta prestakuntza faltak belaunaldi berriek ideologia totalitarioak onartzea eta sistema demokratikoarekiko konpromisorik ez izatea ahalbidetuko du", eta adibide gisa jarri du "Espainian, Italian, Austrian, Alemanian, Herbehereetan eta munduko beste leku batzuetan gertatzen ari dena".

Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak egindako hitzaldian, ohartarazi du euskal herritarrak eta erakundeak ezingo direla besteekin guztiz solidario izan, ez bada onartzen beste herrialde batzuetan gertatutako bidegabekeriak Euskadin ere gertatu izan direla.

"Asko izan dira gure bizikidetzaren kontrako erasoak, hainbat erakunde terrorista ezagutu ditugu, bai eta gehiegikeria eta torturak ere" eta, azpimarratu duenez, "badakigu proiektu politiko bat inposatzeko terrorea erabiltzeak nora garamatzan: Haustura sozialera, oinazera eta biktima ugari izatera; guzti-guztiek merezi dute memoria, erreparazioa eta justizia" .

Biktimen mina arintzeko, Eusko Jaurlaritzak haiei laguntzeko asmoa agertu du, "bizi izandako sufrimenduaren ordaina bidezkoa" izan dadin, eta haien egitekoa hartzaile pasiboarenera ez mugatzearen alde egin du; aitzitik, beharrezkoa da "haiei dagozkien politika guztien palanka gisa entzutea eta integratzea".

San Josek adierazi du ez duela nahi "isiltasuna belaunaldi berriei utzitako herentzia izatea", eta ziur agertu da Euskal Herria "bizikidetzarekin konprometituta dagoela eta etorkizunari itxaropenez begiratzen diola".

Albisteak (2)