Eusko Legebiltzarra
Lehendakariak zalantzak agertu ditu EH Bilduk aurrekontuen inguruan egindako akordio proposamenaren aurrean
EITB Media
Aurrekontuen inguruko akordio orokorrak Eusko Jaurlaritza eta hiru aldundiak hartuko lituzke bere baitan. Proposamenaren atzean dauden arrazoien inguruko "zalantzak" agertu ditu Pradales lehendakariak, baina elkarlanerako atea zabalik utzi du planteamendu "zintzoa" bada.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Pello Otxandiano EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak datorren urteko Eusko Jaurlaritzako eta hiru aldundietako aurrekontuen inguruko akordio globala proposatu dio Imanol Pradales lehendakariari. Azken horrek "zalantzak" agertu ditu, baina elkarlanerako atea zabalik utzi du.
Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan egin du proposamena Pello Otxandiano EH Bilduko legebiltzarkide eta talde parlamentarioaren bozeramaileak.
Oposizioburuak aurrekontuen inguruko akordio orokor baterako eskaintza egin die Pradales lehendakariari eta EAJri eta PSE-EEri —Eusko Jaurlaritza eta Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru Aldundiak elkarrekin gidatzen dituzten bi alderdiei—, "herri honen zati honetako lau erakunde nagusiak bilduko lituzkeena".
"EH Bilduk lau erakundeen aurrekontuak babestuko lituzke, baldin eta horietako bakoitzak alderdi politikoei dagoeneko helarazi dizkiegun proposamenak nahikotasunez aintzat hartuko balitu; datozen egunetan joango gara zehazten alderdiei helarazitako proposamenak", esan du Otxandianok Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan.
Halaber, Otxandianok ukatu egin du EH Bilduren eta EAJren proiektu politikoak "bateraezinak" eta "kontrakoak" direla. Horren esanetan, badago kooperaziorako tartea herri proiektu "berdinzale" bat egiteko.
Imanol Pradales lehendakariak EH Bilduren proposamenaren atzean dauden arrazoien inguruko "zalantzak" agertu ditu, eta herri ikuspegi batetik eginda dagoen edo taktikari erantzuten ote dion galdetu du.
Pradales lehendakariak bere hitzartzean azaldu duenez, politika publikoen (etxebizitza, gizarte zerbitzuak, etab.) inguruko bere proposamena egin zion uztailaren 15ean EH Bildurekin egin zuen hitzorduan, alderdi politikoekin egindako bilera sortaren baitan. "Guk gure proposamena erantzukizun zintzoarekin egin genuen; zuenak zalantzak sortzen dizkit, egindako momentu, forma eta tonuagatik", azpimarratu du.
Zalantzak zalantza, Pradales lehendakariak atea zabalik utzi du elkarrizketarako, elkarlanerako eta adostasunetarako. "Zuen planteamendua zintzoa bada, herri ikuspegiarekin egindakoa bada eta ardura politikoa taktika politikoaren gainetik jartzen baduzue, Ajuria Eneko ateak irekita izango dituzue. Elkarrizketaren eta adostasunaren bidean aurkituko nauzue, elkarlanerako prest", gaineratu du.
Eneko Andueza PSE-EEko buruak ondo hartu du koalizioaren proposamena, betiere ez badu aldatzen Gobernu akordioan sinatutako helburuen eta bide-orriaren "oinarrizkoena".
"Beti egongo gara beste alderdiekin hitzartzeko prest, eta, noski, beti egin dugun moduan, erakunde guztietan akordio handiak lortzeko eskua luzatzeko prest, baita EH Bildurekin ere, beste hainbatetan egin dugun bezala", azpimarratu du Anduezak, Bea Gamiz Ermuko alkate berria izendatzeko osoko bilkuran.