Kontrol saioa
Zalantzak agertu ditu lehendakariak EH Bilduk egindako proposamenaren aurrean
Agentziak| EITB Media
Euskadin aurrekontuen eztabaida ireki aurretik itxi nahi izatea ere aurpegiratu dio lehendakariak EH Bilduri. Errezeloak gorabehera, Pradalesek atea zabalik utzi du: "Proposamena zintzoa bada, Ajuria Eneko ateak irekita egongo dira".
Your browser doesn’t support HTML5 video
Imanol Pradales lehendakariak "zalantzak" agertu ditu EH Bilduk aurrekontuen inguruko akordio orokor batera iristeko egindako proposamenaren inguruan. "Ez dakit herrialdearen erantzukizunari edo taktika politikoari erantzuten dion", adierazi du. Ekintzak eskatu ditu lehendakariak, eta zalantzak agertu arren, atea irekita utzi du.
Lehendakariak gogorarazi du alderdiekin bilera sorta bat egin zuela, eta EH Bildurekin ekainaren 15ean bildu zela. Egun horretan, EH Bilduko ordezkariei gai horiek jasotzen dituen dokumentu bat eman ziela esan du. "Gaur, hiru hilabete geroago, gai hauek mahai gainera ekarri dituzu. Begi onez jasotzen dut. Guk asmo oneko proposamena egin genuen, zureak zalantzak uzten dizkigu", adierazi du.
Pradalesen hitzetan, EH Bilduren proposamenak "errespetu gutxi erakusten dio herri honetako egitura instituzionalari", aldundiei eragiten dien zerbait planteatzen baitzaio lehendakariari: "Proposamenak zuk zeuk defendatzen duzun komunitatearen zentzua ahultzen du, erakunde guztientzako inposaketa bertikala planteatzen duelako".
Euskadin aurrekontuen eztabaida ireki aurretik itxi nahi izatea ere aurpegiratu dio lehendakariak EH Bilduri.
Errezeloak gorabehera, Pradalesek atea zabalik utzi du: "Datozen asteetan ikusiko dugu ea ekintzak gaur hemen esandako hitzekin batera datozen, aukera desberdinak izango dituzue horretarako, hala nola Osasun Ituna edo aurrekontuak. Proposamena zintzoa bada, Ajuria Eneko ateak irekita egongo dira".