Itxi

MEMORIA HISTORIKOA

Estatuaren indarkeriaren biktima guztiak eta "eragindako mina" aitortzeko eskatu du Memoria Osoa plataformak

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Estatuaren indarkeriaren 15 biktima elkarte biltzen dituen plataformak salatu duenez, Guardia Zibilaren ospakizuna Gasteizko erdigunera eramateak Estatuaren biktimak "birbiktimizatzea" eta "diskriminatzea" dakar. 

Your browser doesn’t support HTML5 video

Memoria Osoa plataformak, Estatuaren indarkeriaren 15 biktima elkarte biltzen dituenak, estatu indarkeriak eragindako biktimak eta "eragindako mina" aitortzea eskatu du, "erantzukizun politikoak" argitzeko eskaerarekin batera.

Guardia Zibilaren ospakizuna lehenengo aldiz Sansomenditik Plaza Berrira eramateak Estatuaren biktimak "birbiktimizatzea" eta "diskriminatzea" dakarrela salatu du Memoria Osoa plataformak, gaur goizean Gasteizko Artiumen egin duen ekitaldian.

Kolektiboaren izenean, Amaia Urizarrek Maider Etxebarria Gasteizko alkateari aurpegiratu dio hiriko plaza nagusia Guardia Zibilari, "torturatu" egin zuen talde militar horri, eskaintzea. 

"Guri ere errespetua eta aitortza zor zaigu", nabarmendu du. Gaineratu duenez, gaurkoa bezalako ekitaldiek ez dute erreparazioan laguntzen.

Axun Lasa (GALek bahitu, torturatu eta hildako Joxean Lasaren arreba) ere ildo beretik mintzatu da, eta mezua bidali die Guardia Zibilaren ekitaldia Gasteizko erdigunera eraman izana "normaltasun demokratikoaren seinale" dela diotenei.

"Normalizazio demokratikoa aspaldidanik nahi dugu, baina horrek abiapuntu gisa estatu indarkeriak eragindako kaltea eta biktima guztiak aitortzea eskatzen du. Beharrezkoa da gure eta gure senideen krimenaren ondoriozko erantzukizun politikoak argitzea, horiek ahalbidetu zituzten baldintzen inguruan hausnartzea eta inpunitatea naturalizatzeari uztea", gaineratu du.

Halaber, parametro horiek oinarri hartuta, "elkarbizitza demokratikoa" eraikitzeko eskua luzatu du.

Bideoak (1)